Albisteak

Albistea

Bermeoko Udalak udal igerilekuko kristalera berrituko du

-Horretarako, 477.950 euroko inbertsioa egingo da eta Bizkaiko Foru Aldundiak lan hauek diruz lagunduko ditu

-Guztira, aurten ia 700.000 euroko inbertsioa burutuko da kiroldegian, kristalera eta larrialdietako eskaileraren lanak kontutan hartuta

-Gainera, Bermeoko kiroldegiko erabiltzaileek Euskal Autonomia Erkidegoan Mugiment Kirol Txartelaren ekimenean izena eman duten kirol instalazioetan sartzeko aukera dutela gogorarazi du herriko alkate Aritz Abaroak

Bermeon, 2020ko irailaren 11an.- Bermeoko alkate Aritz Abaroak Arene kiroldegian prentsaurrekoa eskaini du gaur goizean berritasun bi aurkezteko. Alde batetik, kiroldegiko igerilekuan egingo den inbertsio garrantzitsua iragarri du. Izan ere, Bermeoko Udalak bertoko kristalera guztia aldatuko du. Bestetik, Udalak Eusko Jaurlaritzak bultzatutako Mugiment Kirol Txartelaren ekimenean izena eman duela gogorarazi eta erabiltzaileek nahi dutenean eskatu dezaketela adierazi du.

Urteen joan etorriek eta neguan izandako haize boladek Arene kiroldegiko igerilekuko kristalera hondatu dute. Hau dela eta, Bermeoko Udalak berria jartzea erabaki du, bertako instalazioak hobetze aldera. Bada, proiektua jada esleituta dago eta lanak azaro bukaerarako bukatuta egotea aurreikusten da. Guztira, 477.950 euroko inbertsioa egingo da eta Bizkaiko Foru Aldundiak lan hauek diruz lagunduko ditu. Lanak bukatutakoan erabiltzaileek igerilekua erabili ahal izango dute berriro. Aurreikuspena da abenduan erabilgarri egotea.

Lan hauek eta larrialdietako eskailera berria kontutan hartuta, guztira, ia 700.000 euroko inbertsioa egingo da aurten Arene kiroldegian. Udal Gobernuak legealdi hasiera hartutako bi konpromisori erantzuna ematen zaio honela, hau da, herriko instalazioak hobetzeari eta herritarren segurtasuna bermatzen dituzten lanak burutzeari.  

Bestalde, Arene kiroldegiko erabiltzaileek Eusko Jaurlaritzak sustatutako Mugiment Kirol Txartela eskatu dezaketela gogorarazi du Abaroak. Txartel honek udalerri bateko udal kirol zerbitzura abonatuta dauden pertsonei aukera ematen die Euskal Autonomia Erkidego osoan ekimen honetara atxikita dauden kirol instalazioetan sartzeko, inolako gain kosturik ordaindu gabe. Honi esker, instalazio eta kirol mota gehiago eskaini nahi zaizkie herritarrei. Baita baliabide publikoak hobeto kudeatu, orain dauden kirol-azpiegituren erabilera optimizatuz. Honenbestez, Bermeoko kiroldegian izena eman duen erabiltzaile batek txartela eskatu ahalko du eta, eskatzen zaizkion datuak eman eta gero, Bakioko, Sestaoko, Laudioko… kiroldegiko instalazioak erabili ahal izango ditu, adibidez. Bermeo, honenbestez, ekimen honetara gehitu den Busturialdeko lehenbiziko udalerria da.

Mugiment Kirol Txartel birtuala ahalik eta hoberen erabiltzeko, Interneterako konexioa duen gailu mugikor bat izatea gomendatzen da. Hala ere, ez da beharrezkoa izango. Gailu mugikorrik ez duen erabiltzaileak bere abonatu txartela eta NANa aurkeztuta sartu ahal izango da kirol instalazio  ezberdinetara.

Orain arte izena eman duten kirol instalazioak:

-Araban: Laudio eta Amurrio.

-Bizkaian: Abanto-Zierbena, Arrigorriaga, Santurtzi, Bakio, Barakaldo, Basauri, Etxebarri, Muskiz, Ortuella, Portugalete, Sestao, Trapagaran, Ugao-Mirabelles eta Zierbena.

-Gipuzkoan: Aretxabaleta, Arrasate, Bergara, Eskoriatza eta Oñati.

14 / 09 / 2020

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0