Albistea
Bermeoko Udalak kale garbitasun plangintza bat egin du. Benito Ibarrolazak, Bermeoko alkateordeak eta Zerbitzuetako zinegotziak, adierazi duenez, plangintza honen helburua da “garbiketa-lana ondo egitea; eta, herritarren laguntzarekin, herria garbi mantentzea, gure herriko bizi kalitatea hobetuz”.
Ibarrolazak eta Iñigo Gonzalezek, Zerbitzuetako teknikariak, Garbitasun plangintza aurkeztu dute gaur prentsaurrekoan. Bertan azaldu dutenez, plangintza honen “xede da gida batean bihurtzea Bermeoko toki guztietara heltzeko eta guztiak garbi mantentzeko; eta horretarako herritarren inplikazioa ere ezinbestekoa da”.
Gonzalezen esanetan, plangintza hau onartu baino lehen hainbat hilabeteetan frogak egiten ari izan da Bermeoko Udala, herrian garbitasunari dagokionez dauden beharrizanak ikusteko; eta, horren arabera, plangintza antolatzeko. Plangintza hori Zerbitzu Batzordean ere aurkeztu dela azaldu du Ibarrolazak. Alegazioak edo/eta proposamen epea izan ondoren, alderdi guztiak oniritzia eman diotela adierazi du. Ondoren, Gobernu batzordean onartu da garbitasun plangintza.
Zerbitzuetako zinegotziak azaldu duenez, plan hori Udaleko ordezkariek, teknikariek eta langileek elkarlanean landu dute, izan ere, “beharrezkoa da guztion ikuspuntua kontuan izatea lehentasunak finkatzeko”. “Horrela, denok elkarlanean garbitasun beharrizanen mailak eta betebeharrak zehaztu ditugu plangintzan”, azaldu du.
Garbitasun plangintza aurrera eramateko Bermeoko Udalak, Zerbitzu sailaren bidez, “kudeaketa zuzena” egingo duela azpimarratu du Ibarrolazak; eta horretarako behar diren bitartekoak erabiliko dituztela: udal langileak, makineria egokia, herritarren parte hartzea sustatzeko sentsibilizazio kanpainak, kalitatezko kontrol zehatzak…
Udal langileei dagokienez, garbitasun arloan 20 langile lan egiten ari direla adierazi du, eta makineriari dagokienez, besteak beste, hidrogarbigailuen garrantzia azpimarratu du, izan ere, horren erabilerak asko errazten du garbiketa lanak.
Zerbitzuetako zinegotziak garbitasuneko oinarrizko tratamenduak multzo handi bitan bana daitezkeela zehaztu du: erraztatzeak eta ureztatzeak. Beste tratamendu osagarri batzuk osatzen dituzte zerbitzu horiek, hala nola, paperontziak hustu, kaleko altzariak, fatxadak, orubeak eta abar garbitu.
Mailak
Iñigo Gonzalezek adierazi duenez, lehenik eta behin, Bermeoko garbitasun egoeraren diagnostiko bat egin da, eta horren arabera lehentasunak finkatu dira. Horrela, garbiketa lanak egiteko lau maila zehaztu dira.
Ildo berean, Garbitasun plangintzak hainbat ibilbide zehazten ditu. Esate baterako, eskuz egiten den erraztatzea egiteko zazpi ibilbide ditu. Erraztatze mekaniko mistoa egiteko bi ibilbide daude, eta ureztatze mistoaren kasuan bost ibilbide. Horrez gain, kaino-zuloak ere garbitzen dira, eta lan horiek egiteko ere ibilbideak finkatu dira. “Maila eta ibilbide guzti horien helburua da garbiketa lanak ahalik eta hobeen egitea, eta herriko toki guztiak garbi mantentzea”, esan du Ibarrolazak. Zerbitzuetako zinegotziak ureztatzeko lanen garrantzia nabarmendu du, izan ere, gauean losak garbitzeko egiten diren ureztatze lanek eguneko garbitasuna lanak asko errazten ditu.
Ildo berean, azaldu duenez, lanak bukatu ondoren, Garbitasun arloko langile bakoitzak txosten bat aurkezten du bere lanaren berri emateko, eta zerbitzuaren arduradunak egunero kale garbiketaren kalitate kontrola egiten du; eta kaleak, espaloiak, losak eta elementu guztiak zelan gelditu diren ikuskatzen du plangintzan aldaketaren bat egitea beharrezkoa den ikusteko, garbitasuna hobetzeko helburuarekin.
Ildo honetan, Ibarrolazak zehaztu duenez, plangintza honen dinamika “irekia” da, hau da, “beharrizan ezberdinen arabera aldatzen joango da”. Alkateordeak eta Zerbitzuetako zinegotziak adierazi duenez, “herrietako garbitasuna ez da beharrizan estetikoa bakarrik, higienikoa eta ingurumena babestekoa ere bada”; horregatik “guztion artean herria garbi mantentzen ahalegindu behar gara”.
010 (94 617 91 00)