Albistea
Bermeok itsasoarekin eta arrantzarekin duen lotura azpimarratuz, arrainari lotutako gastronomia-ekimena martxan jarriko dute Bermeoko Portuzarreko bederatzi tabernek martxoko bi asteburutan (23 eta 24 eta 30 eta 31) eta apirileko beste bi asteburutan (6 eta 7 eta 13 eta 14).
Aipatutako asteburu bakoitzean Portuzarreko tabernek arrain bati lotutako pintxoak landuko dituzte, “arraina bera eta pintxoak balioan jartzeko eta Bermeok itsasoarekin duen lotura Bermeoko tabernetako gastronomian ere islatzeko”.
Horren guztiaren berri eman dute gaur prentsaurrekoan Bermeoko Portuko tabernetako ordezkariek eta Bego Gangoitik, Bermeoko Turismo teknikariak. Prentsaurrekoan Portuko tabernetako ordezkariek zehaztu dutenez, “lau asteburu horietan hiru arrainekin egindako pintxo gozoak dastatzeko aukera egongo da Bermeoko Portuan: atuna, bokarta eta bakailaoa”.
Horrela, adierazi dutenez, “herritar zein bisitari guztiek aipatutako asteburuetan giro alaian arrainaren egindako pintxo eskaintza ederra izango dute Portuko tabernetan eta gure herriak itsasoarekin eta arrainarekin duen lotura argi geldituko da gure tabernen eskaintzan ere bai”.
Ekimen honetan parte hartuko duten tabernak honako hauek dira: Atxetak, Al Peccato di Gola, Etxepe, Zarabanda, Olatu, Batun-Batun, Kafe Loidxie, Kai Alde eta Bokale.
Portuko tabernetako ordezkariek ekintza honek “harrera ona” izatea espero dutela adierazi dute; izan ere, euren esanetan, “herriko eskaintza turistikoa zabaltzeko balio izango du, gure herriak itsasoarekin eta arrantzarekin duen lotura azpimarratuz”.
Hortaz, pertsona guztiak, bai herritarrak bai bisitari guztiak, pintxo horiek dastatzera gonbidatu dituzte Bermeoko portuan, “gure herriarekin eta gure gastronomiarekin eta Bermeok itsasoarekin duen loturarekin gozatzera, hain zuzen ere”.
010 (94 617 91 00)