Albistea
Kankinkabara txistu taldeak ‘Haizeak dakarren dantzak’ kontzertu berezia eskainiko du zapatuan, ekainaren 8an, Bermeoko Artza Frontoian, 20:00etan. Kontzertu honetan Kankikabara txistu taldearekin batera Alkartasuna dantza taldeak eta TTakuntxo taldeko txalapartalariek parte hartuko dute eta soinu eta dantzaz osatutako ikuskizun ederra eskainiko dute. Sarrera dohainik da.
Kankinkabara txistu taldea 12 partaidek osatzen dute eta horrela zapatuko kontzertuan hainbat instrumentu joko dituzte, hala nola, txistuak, silboteak, alboka, shruti box, txirula, bonbetea, atabala, eskusoinua, eta perkusiozko instrumentu txikiak.
Errepertorio osoa dantza doinuez osatu dute. Horretarako, dantza bereziak aukeratu dituzte, besteak beste, Gipuzkoako dantzen poupurria, Baztaneko zortzikoa, Busturialdeko jota eta arin-ariña edota Uztarrotzeko soka dantza. Dantza horien koreografia Alkartasuna dantza taldeak egingo du.
Horrez gain,Alkartasuna dantza taldeak Jon Ibarrak, Kankinkabarako txistu taldeko partaideak, Zarautzeko Zesteronekua taldeari idatzitako “Jauzi” dantzaren estrenua egingo du.
Bestalde, 100 alargunen dantza, 1912ko abuztuaren 12ko galarrenean itsasoan hil ziren marinelak gogoan ikusgai jarriko dute, Thyerry Biscayren musika eta Uxue Alberdi idazlearen letrarekin egindako kantua, hain zuzen ere.
Kontzertu ikuskizunak ordubete azpiko iraupena izango du eta sarrera doakoa izango da. Bermeoko Udalak herritar guztiak gonbidatu ditu; izan ere, musikarekin eta dantzarekin gozatzeko aukera paregabea eskainiko du.
010 (94 617 91 00)