Albistea
Nagusien Eguna ospatu zen joan den zapatuan, azaroaren 5ean, Bermeoko Sancti Spritus zaharren udal egoitzan; eta bertan “giroa zoragarria” izan zen, eta egoiliarren familia eta lagunen parte hartzea “handia”.
Benito Ibarrolazak, Gizarte Ongizate Udal Patronatuko presidenteak, azpimarratu duenez, “gure helburua egoiliarrak eurak eguneko protagonistak sentitzea zen, eta lortu dugu. Izan ere, aurreikusitako ekintza guztiak egin ziren, eta giro politean gozatu egin zuten”.
Bereziki “hunkigarriak” izan ziren, bere esanetan, Alejo Ensunzari, José María Castañoseri (Juanito) eta Magdalena Bravori, udal zaharren egoitzan denbora gehien daramaten egoiliarrei, egindako omenaldiak.
Horrez gain, Bermeoko abesbatzaren emanaldia eta egoiliarrek osatutako danborrada entzuteko aukera izan zen. Eguerdian egindako bazkarian, 185 pertsonek parte hartu zuten, eta horretan egoiliar eta senideek elkar gozatzeko aukera izan zuten. Bazkari ostean festak jarraitu zuen musikarekin eta dantzarekin, ‘Kanta kanta lorue’ ekimenaren euskal kantekin eta ‘Txo Sevillaren’ dantzekin, hain zuzen ere.
Ibarrolazak eskerrak eman dizkie egoiliarrei, euren familia eta lagunei, ekitaldi horretan parte hartu dute talde eta elkarte guztiei, eta zaharren udal egoitzako langileei, “guztiei esker, Nagusien Eguna giro zoragarrian ospatu dugulako”.
010 (94 617 91 00)