Albistea
Bermeoko Udalak, Matxitxako elkarteak eta Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Gogora Institutuak antolatuta, Matxitxakoko batailaren 80. urteurreneko oroimen ekitaldi hunkigarria egin zen atzo, domekan, martxoaren 5ean, Bermeon, Nestor Basterretxearen ‘Matxitxakoko guda’ izeneko eskulturaren ondoan.
Ekitaldian Idurre Bidegurenek, Bermeoko alkateak; Josu Erkorekak, Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak; eta Jabi Olabeagak, Matxitxako Elkarteko lehendakariak, parte hartu dute. Horrez gain, Kukai dantza taldearen dantza ikuskizunak ikusi ahal izan dira, eta Leire Gotxi abeslari bermeotarrak itsasoari lotutako abesti bi abestu ditu. Azkenean, parte hartzaile guztiek elkarrekin ‘agur jauna’ abestu dute, eta lore eskaintza egin da..
Bermeoko alkateak, Idurre Bidegurenek, gaurko ekitaldiarekin “gure herriaren memoria ez ahaztea eta generazioz generazio trasmititzea” bilatzen dela adierazi du. Horrez gain, bere esanetan, “itsas gudariak, euren familiak eta, bereziki, euren emazteak, omendu nahi ditugu”, azpimarratu du. Ildo horretan, emakumeek gerra zibilean izan zuten paper garrantzitsua nabarmendu du.
Bidegurenek gogoratu duenez, “gure itsasoak defendatzeko arrantzarako ontziek Euzkadiko Gudaontzidia osatu zuten, 917 gizonezkok eta 3 emakumek, hain zuzen ere; horietatik %10 bermeotarrak”. Euren artean, Juan Azkarate bermeotarra egon zen, gaur egun bizirik dagoen bakarra, eta gaurko ekitaldian parte hartu duena. Berari aipamen berezia egin dio Bermeoko alkateak.
“1937ko martxoaren 5ean, Portugaletetik irten ziran 4 euskal bouak Galdames merkantea eskoltatzen: Bou Gipuzkoa, Bou Donostia, Bou Bizkaya eta Bou Nabarra. Canarias gudako ontzi boteretsu bategaz topo egin eta 6 ordutako borroka sortu zen”, gogoratu du.
Ildo honetan, adierazi duenez, “Bataila Bou Navarra eta Canariasen artean zentratu zan; eta, baliabide aldetik desabantaila argia izan arren, amore emon orduko, borrokatuz, euren bizitza emoteko prest agertu ziren. Izan ere, Bou Navarra hondoratu egin zan eta 35 hildako izan ziren”.
Bidegurenek adierazi duenez, Matxitxakoko batailak erakusten digu “gudariak gure herriaren askatasunaren eta demokrazioaren defentsan dana emoteko prest agertu zirela, inolako konplexu barik”. “Gorputz eta arima aritu ziren gure herriaren eskubide eta askatasunaren defentsan, nahiz eta horrek hainbeste sufrimendu suposatu eurentzat eta euren familiakoentzat”, gaineratu du. “Horregatik aitortza eta omenaldi hau”, esan du.
010 (94 617 91 00)