Albisteak

Albistea

Bermeoko Udalak Aita Guria baleontzia desegiteko lanak hasi ditu

-Udalak 77.346,83 (BEZ barne) euro bideratuko ditu suntsiketa lanetarako

Bermeon, 2020ko apirilaren  9an.- Bermeoko Udalak 2003an sortu zen baleontzia suntsitzeko lanak hasi ditu, berau berreskuratzeko lanak (milioi bat euro inguru) udalerriarentzat beregain hartu ezinezkoak direla ikusita. Lan horietarako 77.346,83 (BEZ barne) euro bideratuko dira eta suntsitze lanak joan den astean hasi eta bi astetan bukatzea aurreikusten da.

Aita Guria baleontziak garai hobeak ezagutu zituen, baina ez luzaroan, arazoz josita jaio baitzen. Aurreko Udal gobernuak enkargatuta, itsas-ingeniaritza enpresa bateko teknikoek baleontziaren ikuskapena egin zuten. Aipatu enpresak aurkeztutako txostenean, baleontziaren estruktura egoera “oso txarrean” zegoela azpimarratu zuen eta kriterio historiko eta zientifiko nahikorik jarraitzen ez zuen birsorkuntza zela ondorioztatu baita ere.

Txosten horren arabera, egurrezko estrukturarako erabili zen materiala gainera, “kalitate eskasekoa” izan zen. Egurrari kurba emateko erabili zen tratamendua “erasotzailea” izan zela gehituz.

Arrazoi hauek guztiak eta azken urteetan eragin dituen galera garrantzitsuak kontutan hartuz, (masta eta belak galdu zituen haize bolada bortitzengatik bere egoerak okerrera eginez, karrora igota igaro du azken urtea bisitaririk jaso gabe, eta gainera behar bezala mantentzeko kostua eta urteko asegurua gehitu behar zaizkio) Udalak desegitea erabaki zuen joan den ekainean.

Bermeoko alkate Aritz Abaroak adierazi duenez, “baleontziaren mantentze-lanen kostua ikaragarria izan da, sostengaezina herriarentzako. Konponbide bakarra desegitea izan da. Jaso ditugun adituen txostenen arabera gainera, suntsiketa honekin ez da Bermeoko ondare historiko edo kulturalik galduko”.

Zehatz mehatz, 2006 eta 2019 urteen bitartean, baleontziaren mantentze lanek 2.277.555 euroko gastua eragin dute eta 177.550 euroko diru sarrerak sortu.  Alegia, zerbitzu hau bere kabuz finantzatzeko gaitasuna % 7,8koa bakarrik izan da.

“Aita Guria desegitea ezinbesteko ikusi dugu, galera ekonomiko handiak eragin dizkio herriari eta egun bizi dugun egoera kontuan izanik, herriak, beste lehentasun larriago batzuk ditu eta honetara milioi bat euro bideratzea ezinezkoa da  ”, azpimarratu du alkateak.

09 / 04 / 2021

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0