Albisteak

Albistea

Bermeo urteko egunik berezienetako bat ospatzeko prestatzen ari da, “Madalenak” itsas jaia

• Aurten, Nadia Nemeh Shomaly alkateak itsasora botako duen teila herri-lanen udal zerbitzuak, Hilario Aurtenetxe Mentxaka Bermeoko liburutegiko erretiratutako langilearekin lankidetzan, okasiorako sortutako teila izango da

•  Eraso sexistak eta herri-garbiketa dira gobernu-taldearen kezka nagusienetarikoak eta aurten, Bermeoko Udalak, gai horiek azpimarratu nahi izan ditu

(Bermeon, 2023ko uztailaren 20an) - Datorren uztailaren 22an, Bermeon, egun desiratuenetako  bat ospatuko da, Madalenak itsas jaia, alegia, tradizioz beteriko eguna. Bertan, Bermeoko alkate Nadia Nemeh Shomalyk, Izaro uhartea atzean duela, teila bat jaurtiko du itsasora, sinbolikoki irla hori Bermeorena dela adieraziz. Hala azaldu dute gaur goizean Endika Etxebarria Telleria Kultura zinegotziak, Xabier Ortuzar Butron alkateordeak eta Sergio Monasterio Asteinza Baztarre auzoko Madalena jaien antolatzaileetako batek, auzoan bertan, jai bezperan egindako  prentsaurrekoan.

Aurten, Nadia Nemeh Shomaly alkateak itsasora botako duen teila, okasiorako beste teila zahar batzuekin sortutako teila izango da. Izan ere, herri-lanetako udal-langileek, Hilario Aurtenetxe Mentxaka bermeotar eta udal liburutegiko langile erretiratuarekin lankidetzan, Izaro uharteko fraide frantziskotarren komentu zaharreko 600 urte baino gehiagoko teila hautsiak bildu zituzten. Artisau-prozedura bati esker, teila hautsi horiek hartu dituzte, teila arabiko, kurbatu eta gorri berri bat sortu arte. Teila hori euskal baserrien antzekoa da, eta 2023ko uztailaren 22ko protagonista bihurtuko da.

Egitaraua

10:45ean Udalbatza Goiko Plazan elkartuko da “alkate soinua” melodia entzuteko. Ondoren, 11:00etan alkateak eta udal zinegotziek Bermeoko Santa Eufemiako elizan geldialdia egingo dute, nahi dutenek meza nagusian parte hartu ahal izateko. Meza amaitu ondoren, udalbatza berriz ere eratu ostean, segizioari berriz hasiera emango zaio eta porturako bidea hartuko dute Kankinkabara txistu taldearekin kalejiran. Txistulariek Madalen Eguneko zortzikoa joko dute bidean doazela. 12:00ak aldera Itsasoratu ostean, eta Izaro uharteko ipar-ekialdean daudela, Bermeoko Udalak herriko banderaren eta ikurrinaren jasoera egingo du eta Nadia Nemeh Shomaly alkateak, ohikoa den legez, teila jaurtiko du “honaino heltzen dira Bermeoko ituginak” esaldia ozen esanez eta, Bermeoren mugak berretsiz.

Teila bota eta Elantxobe eta Mundakatik pasa ostean, udalbatza arratsaldeko 20:00ak aldera iritsiko da berriz Goiko Plazara eta, bertan, ikurrina eta herriko bandera jaso eta dantzaldian parte hartuko du.

Aipatu behar da Bermeoko Udalak plaza batzuk zozketatu dituela herritar batzuk Izarora eta Elantxobera hurbildu ahal izateko udalbatzarekin itsasontzi instituzionalean eta elkarrekin ospatzeko Madalenak. Gainera, Udalak "Ortube" itsasontziko eta Gaztelugatxeko ermitako boluntarioak gonbidatu ditu, egindako lan desinteresatua eskertzeko, baita Mundakako, Elantxobeko eta hainbat erakundetako ordezkari politikoak ere, jai hau elkarrekin ospatzeko.

Kontzientziazio-kanpainak: eraso sexistak eta herri-garbiketa

Eraso sexistak eta herri-garbiketa dira gobernu-taldearen kezka nagusienetarikoak eta aurten, Bermeoko Udalak, gai horiek azpimarratu nahi izan ditu.

Xabier Ortuzar Butron alkateordeak azaldu duenez, "azken asteetan izandako eraso sexista guztiak gogor gaitzetsi nahi ditugu. Ekintza onartezinak dira, eta ez dute lekurik Bermeon. Hortaz, Udalak, mugimendu feministarekin batera, prentsaurreko bat deitu zuen atzo herrian gertatzen ari diren eraso matxistak salatzeko. Gure hurbiltasuna eta elkartasuna adierazi nahi diegu emakumeei eta inguruan daudenei, eta horregatik prest gaude gure esku dagoen guztian laguntzeko". Ildo horretan, Madalenetan, 20:00etatik 24:00etara, gune more bat abiaraziko da portu zaharrean, eta bertan informazioa, aholkularitza eta, eraso sexistaren kasuan, laguntza eskainiko dira.

"Bermeoko Udala gai honen larritasunaren jakitun da, eta horregatik dei egiten diegu herritarrei indarkeria sexistaren aurka egin dezaten. Gure aldetik, indarkeria hori eta beste edozein indarkeria mota errotik eta behin betiko desagerrarazteko lanean jarraitzen dugu "adierazi du Ortuzar Butron alkateordeak.

Era berean, Udalak herri-garbiketa kanpaina bat ere sustatuko du hondakin eta zabor guztiak lurrean edo itsasoan amai ez daitezen. Horretarako, udalaren garbiketa-sistema indartuko da, eta zaborrontziak jarriko dira, bizilagunek eta bisitariek hondakinak bertara bota ditzaten.

Porturako sarbideak itxita

Datorren uztailaren 22an, ibilgailuak ezin izango dira portura sartu 13:00etatik 20:30era, gutxi gorabehera (ordutegi horretan aparkatutako ibilgailuak kendu ahal izango dira). Aldiz, 20:30etik 24:00etara, gutxi gorabehera, ezin izango dira ez sartu ez irten.

Segurtasun neurriak

Bestalde, guztion segurtasuna bermatze aldera, Bermeoko Udalak itsas jaian parte hartuko duten itsasontziei indarrean dagoen araudiak jasotzen dituen segurtasun neurriak mesedez betetzeko eskatzen die.

Araudiak honako neurriak jasotzen ditu: itsas jaian ezin izango dute parte hartu lau metroko luzera baino gutxiago duten itsasontziek, belaz nabigatzen ari diren itsasontziek, arraunez mugitzen diren itsasontzi edo tresnek (piraguak, kayak, paddle surf tablak…), ezta ere beste era bateko ur gaineko tresnek.

Horrez gain, itsasontzietako aforoa errespetatu behar dela gogorarazten da. Era berean, Izaro inguruan, alkateak teila botatzen duen momentuan, itsasontziei euren arteko distantziak errespetatzeko eskatzen da.

Gainera, itsasontziek seguruak eguneratua, dokumentazioa behar bezala eta salbamendu eta segurtasun baliabideak eguneratuta izan beharko dituzte. Itsas zirkulazio eta segurtasun arautegia ere bete behar dela gogorarazten da.

Araudiak ezartzen duenez, kaian amarratzeko eta irteteko maniobrak pixkanaka egingo dira, gertu dauden itsasontzien aldibereko maniobrak saihestuz. Bidaian, ontzian edo beste ontzi batean dauden pertsonen segurtasuna arriskuan jarriko duen maniobrarik ezin dela egin gogorarazten da.

Madalena egunaren bezpera: Baztarreko jaiak

Ohikoa denez, Madalenetako bezperan, Bermeok uztailaren 21ean ospatzen ditu Baztarre auzoko jaiak. Horretarako, Sergio Monasterio Asteinzak azaldu duen bezala, antolakuntzatik, hainbat jarduera antolatu dira Udalarekin elkarlanean. Horien artean nabarmentzekoak dira, besteak beste: txokolatada, haurrentzako ikuskizunak, kalejirak, kontzertuak...

Hilaren 22an, 18:00etan, Iñaki Basaberen eta Chile Lindoren Mano kontzertua antolatu da, Rigoberto Jara hildako bizilagunaren omenez.

28 / 07 / 2023

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0