Albisteak

Albistea

Bermeotik Bilbora Sollubetik doan Bizkaibus zerbitzua udan ere domeketan eta jai egunetan mantentzeko eskatu dio Bermeoko Udalak Bizkaiko Foru Aldundiari

 

Bermeoko Udalak Bizkaiko Foru Aldundiari Bizkaibus A3527 linea, Bermeo eta Bilbo Sollubetik lotzen duena, hain zuzen ere, domekatan eta jai egunetan udan ere eskaintzeko eskatu dio. 

Benito Ibarrolazak, Bermeoko alkateordeak, azaldu duenez, “udan Bizkaiko Foru Aldundiak linea hori domeka eta jai egunetan kentzen du, eta bermeotarrontzat  garrantzitsua da zerbitzu hori egun horietan eskaintzea, are gehiago, kontuan hartuta, Bermeok jai garrantzitsuak hartzen dituela egun horietan, esate baterako, aurten Madalenak domekan izango dira”. 

“Uste dugu udan ere beharrezkoa dela A3527 linea domeka eta jai egunetan mantentzea, bai kanpotik Bermeora datozen pertsonentzat bai Bermeotik jai egun eta domekan Bilbora joan nahi dutenentzat, ez dugu ulertzen zergatik kendu behar den linea hori”, esan du Ibarrolazak. 

Horregatik, Bermeoko Udalak eskaera bat bidali dio  Bizkaiko Foru Aldundiari  Bermeo eta Bilbo Sollubetik lotzen dituen autobusa udan ere domekan eta jai egunetan mantentzeko. 

Ibarrolazak adierazi duenez, “espero dugu Bizkaiko Foru Aldundiak gure eskaera onartzea; eta uztailaren 1ean, domekan, A3527 linea martxan izatea”. “Garraio publikoaren erabilera bultzatzeko eta bere aldeko benetako apustua egiteko autobusen maiztasuna herritarren beharrizanetara egokitzea ezinbestekoa da, horrela zerbitzuaren kalitatea hobetuz”, nabarmendu du.

28 / 06 / 2018

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0