Albisteak

Albistea

Urdaibaiko gazte sare bat sortuta, Urdaibaiko turismoa sustatzea helburu duen ideiak irabazi du Bermeoko 'Googaz boloak' ekimena

 

Bermeon Googaz ekimen berritzailea martxan jarri da, gazteen proiektu berritzaileak sustatzeko eta bultzatzeko helburuarekin eta, joan den zapatuan, azaroaren 18an, Googaz boloak izeneko ideia lehiaketa egin zen Kabidxen, lehenengoa Bizkaia mailan. Urdaibaiko gazte sare bat sortuta, Urdaibaiko turismoa sustatzea helburu duen ideia izan zen Bermeon egindako Googaz boloaren irabazlea.

Irati Arrienek, Googaz mugimenduko ordezkariak, azaldu duenez, Bermeon ikasketa, adin eta esperientzi desberdinetako 10 gazte talde lanean aritu ziren joan den larunbatean Bermeoko Googaz Boloan. Bi talde sortu ziren DesBer eta Goore Jazz, hain zuzen ere.

Arrienek azaldu duenez, “egun hasieran, taldekideak ezagutu eta aurre egin nahi zien erronka/arazoa definitu zuten. Ondoren, arazo horri buruz ikuspuntu desberdinak izateko, herriko kaleetara irten ziren jendearen iritzia jakiteko”. “Erronka jakin ostean honi irtenbidea emango zion ideia pentsatzera ekin zioten”, gaineratu du.

Lan horren ondorioz, DesBer taldeak Urdaibaiko gazte sare bat sortuta, Urdaibaiko turismoa sustatzea helburu duen ideia proposatu zuen.  “Azken urtean turismoak gora egin duela ikusirik eta herria ez dagoela turismora behar beste egokiturik, horri irtenbidea ematea erabaki zuten”, azaldu du Arrienek. Bestalde, bere esanetan, “gazteen konformismoa oinarri harturik, Urdaibai mailako gazte sare bat osatzea pentsatu zuten gazteek, turistei arrera lokal eta pertsonalizatu bat emateko”. Horretarako, erabakitako lehen pausoak web gune bat sortzea eta Urdaibai mailako gazteen formakuntza bat izan ziren. 

Goore Jazza taldeari dagokionez, Googaz-eko kideak azaldu duenez, “talde honek antzemandako arazoa herriko kontzientzia falta izan zen, Bermeo herri erreferente izanik hainbat arloko enpresatan”. “Horrekin lotuta, ekintzailetza espiritu bat bultzatzea izan zen talde honen helburua, lehendabizi herriaren iragana aztertuz”, nabarmendu du.

“Kontzientziazio horrekin hasteko, Goore Jazz taldeak lehen pauso moduan inbestigazio prozesu bat proposatu zuen, eta, ondoren, datu horiek herriari ekitaldi baten bidez aurkeztea, inspirazio gisa”, azaldu du Arrienek.

Epaimahaia Googaz ekimeneko Iñigo Iturrioz gazte ekintzaileak, Nere Mintegik Bermeoko Behargintzako zuzendariak, eta Oskar Baraiazarrak, Echebastar enpresako ordezkariak, osatu zuten, eta DesBer taldearen proiektua nagusitu zen. Orain DesBer taldeak 1.000€ ditu ideia hori martxan jartzeko eta hori ospatzeko BBK Live-erako sarrerak izango dituzte.

Irati Arrienek, azaldu duenez, gazteak “oso pozik bukatu zuten eguna, sortutako guztiarekin arro”. “Orain lanean jartzeko momentua iritsi da eta ekitaldian parte hartu zuten guztiek martxoan Bizkaiko Kopan parte hartzeko aukera izango dute”, nabarmendu du. 

Googaz gazteek gazteentzako sortutako ekimena da eta horren xedea da, Bizkaia mailan, gazteei proiektu berriak sortzen laguntzea eta horiek sustatzea. Horrela, Googaz Bizkaiko zazpi herritan martxan jarriko da: Bermeon, Lekeition, Gernika-Lumon, Ermuan, Sopelanan, Bilbon eta Barakaldo azaroan, abendu eta otsailean.  “Lehen Googaz Boloa ospatu da, hasi da aldaketa eta oraindik asko gelditzen den arren, hasiera positiboa izan du mugimendu honek”, azpimarratu du Irati Arrienek. 

 

 

22 / 11 / 2017

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0