Albistea
-Bermeoko Arrantzaleen Museoan egindako prentsaurrekoan parte hartu dute Bermeoko Turismo zinegotzi Kepa Zumetak, Gernikako Turismo zinegotzi Iñigo Magunagoikoetxeak, Mundakako alkate Irati Gondrak eta Urremendi Landa Garapen Elkarteko gerente Aitziber Ansotegik
Bermeon, 2022ko apirilaren 1ean.- Aste Santua berehala iritsiko da eta Bermeok, Gernikak, Mundakak eta Urremendi Landa Garapen Elkarteak, eskualdeko beste herrien ordezkari bezala, egun berezi horietarako Urdaibaiko eskaintza turistikoaren berri eman dute gaur goizean Bermeoko Arrantzaleen Museoan egindako prentsaurrekoan. Bertan egon dira Bermeoko Turismo zinegotzi Kepa Zumeta, Gernikako Turismo zinegotzi Iñigo Magunagoikoetxea, Mundakako alkate Irati Gondra eta Urremendi Landa Garapen Elkarteko gerente Aitziber Ansotegi.
COVID-19aren pandemiaren urte zailenak gaindituta, lau ordezkariek uste dute aurtengo Aste Santua aurrekoak baino hobea izango dela. Hori bai, eguraldiak ere zeresan handia izango duela adierazi dute. Jarraian, gaur goizeko protagonistek aurkeztutako ekimenen laburpena eskainiko da.
Urdaibai
Busturialdeko herriek (Bermeo, Gernika eta Mundaka kenduta) bisitariari eskainiko diotenaren berri eman du Urremendi Landa Garapen elkarteko gerente Aitziber Ansotegik. Plan asko eta oso ezberdinak eskainiko dira, familiei, lagun taldeei, bikoteei… zuzenduta egongo direnak.
Ansotegik, besteak beste, Urdaibaiko interpretazio zentro garrantzitsuenen berri eman du: Urdaibai Bird Center (Gautegiz-Arteaga) eta Ekoetxea Urdaibai (Busturia). Bi hauek, zalantzarik gabe, hegazti, biodibertsitate eta Urdaibari buruzko interesa dutenentzat geldialdi beharrezkoak dira. Bestalde, uretako aktibitateen berri ere eman du: itsas bidaiak itsasadarretik zehar, kayak irteerak, surfa, paddle edo kanoak… ekintza hauek Laidan edo Lagan egin ahal izango dira (Ibarrangelu).
Noski, bisita gidatuak ere egin ahal izango dira: ondarearekin lotuta dauden bisita gidatuak (San Andres eleiza, Arrola,…) edo eskualde osotik zehar egiten diren bisita geoturistikoak (Ereño, Murueta, Busturia…). Txakolin upategietara bisitak eta dastaketak egiteko aukera izango dute bisitariek: Busturian eta Muxikan dauden upategietara, adibidez. Bestetik, mendi ibilaldien berri eman du Ansotegik: eskualdeko 10 PR-ak (ibilbide laburrak) eta GR38-ko azken etapa biak. Ibilbide hauen guztien fitxa eta ‘track’-ak Turismo Urdaibai webgunean deskargatu daitezke. Azkenik, nobedade biren gaineko informazioa eskaini du: 34 kilometroko Ereño-Nabarniz zaldi ibilbide zirkularra eta bizikleta ibilbideak Urdaibain zehar (familian egiteko 4 ibilbide, errepideko 8 ibilbide eta 6 BTT ibilbide)
Mundaka
Ondoren, Mundakako alkate Irati Gondrak herri honetako eskaintza turistikoaren berri eman du. Nabarmentzekoa da plan hauek nagusiki uretan egitekoak direla. Mundaka surf munduan oso ezaguna dela aprobetxatuz, ez dira faltako kirol honi lotutako ekimenak eta kirol honetara hurbiltzeko proposamenak. Surf eskolen bitartez, bisitariek kirol honetan bere lehen urratsak eman ahal izango dituzte.
Bestalde, itsas bidaiak egiteko aukera ere izango dute bisitariek (ibaitik edo itsaso zabalean) inguruko natura eta herriak lehen eskutik ezagutzeko. Baina uretaratu nahi ez dutenek, oinezko ibilbideak egin ahal izango dituzte. Adibidez, Katillotxuko tontorretik pasatzen den PR176. 8,5 kilometroko ibilbidea familian egiteko aproposa da eta oso ondo seinaleztatuta dago. Ibilbide honen fitxa eta track-a Turismo Urdaibai webgunean ere deskargatu daiteke. Azkenik, nobedade baten berri eman du Gondrak. Izan ere, gidatzeko titulurik behar ez duten itsasontziak alokatzeko aukera egongo da. Baita patroi batekin alokatzeko aukera ere.
Gernika
Gernikako Turismo zinegotzi Iñigo Magunagoikoetxeak Visit Urdaibai enpresak eskaintzen dituen goiz osoko bisiten berri eman du. Izan ere, enpresa honi esker Batzar Etxea, Jai Alai Frontoia… bisitatu ahal izango dira eta baita pintxo bikainak probatu ere. Bestalde, Gernikako Bake Museoak egunean 4 memoria tour eskainiko dituela adierazi du. Bisita hauek herriko kaleetan zehar burutuko dira. Hauetan, besteak beste, bonbardaketaz, babeslekuez, Picassoz… hitz egingo da. Pazko asteko astelehena gernikar erara bizitzeko aukera izango du bisitariak. Goizean merkatua bisitatuko da eta Gernikako giro aparta ezagutu ahal izango da.
Nobedade bezala, Magunagoikoetxeak adierazi du Free tour-ak Gernikara ere iritsi direla. Bisita hauek gernikar batek egingo ditu. Gainera, herritik Urdaibai Center-era oinez joateko ibilbidearen berri eman du. Ibilbide erraz honetan Urdaibaiko padurak ezagutzeko aukera egongo da.
Bermeo
Azkenik, Bermeoko Turismo zinegotzi Kepa Zumetak Bermeoko eskaintza turistikoaren berri eman du. Aurten, bisitariek Gaztelugatxe bisitatzeko aukera izango dute, baina ezingo dira ermitara igo. Gainera, Bizkaibus-ek bere zerbitzua indartuko du eta autobusak orduero aterako dira bertara apirilaren 9tik 24ra bitartean. Hori bai, sarrerak aurretiaz hartzea behar beharrezkoa izango da (www.tiketa.eus/gaztelugatxe/).
Gainera, egun berezi horietan herrian zehar hainbat prozesio egingo dira. Izan ere, Bermeo da eskualdeko herri bakarra honelako ikuskizunak bisitariari eskainiko dizkiona. Prozesio hauek bariku santuan egingo dira, bat goizez eta bigarrena arratsaldez. Bestalde, Hegaluze, Urdailife eta Topa Bermeo enpresek irteera garantizatuak egingo dituzte, bai itsasoan eta baita herrian zehar ere. Arrantzaleen Museoak ere bere ordutegia zabalduko du egun berezi hauei begira eta zein dira ahaztu Bermeon dauden 4 Nordic Walking ibilbideak. Aukera ezberdin eta interesgarriak, zalantzarik gabe, Bermeok eskaintzen dituenak.
010 (94 617 91 00)