Albistea
Bermeoko Udalak aurten, Andrazkoenganako Indarkeriaren kontrako Nazioarteko egunean, azaroaren 25ean, zapatuan, goizeko 11:00etan 2 km-ko martxa bat antolatu du Lameratik hasita. Martxa hori oinez egitekoa izango da eta edonork parte hartu ahal du; izan be, ez du inolako zailtasunik egiteko. Ibilbidea honakoa izango da: Lamera, Lopez Díaz de Haro, Frantzisko Deuna, Ispizua Tar Segundo, Erreten Lamera, Askatasun Bidea, Erreñezubi, Ispizua Tar Segundo, Erreten Lamera, Bermeoko Portua eta Lamera.
Idurre Bidegurenek, Bermeoko alkateak, adierazi duenez, emakumeen aurkako indarkeria genero-desberdintasunen adierazpen larriena da, eta emakume izate hutsagatik emakumeek pairatzen duten indarkeria da. Hori dela eta, indarkeria sexista kasu guztiak gaitzesteko eta emakume eta gizonen arteko berdintasunarekin duen konpromisoa adierazteko, Bermeoko Udalak azaroaren 25ean, zapatuan, aipatutako martxa deitu du.
“Martxan pertsona guztiek parte hartu ahal izango dute; izan be, ibilbide erraza da eta guztiok egiteko modukoa. Horregatik, udalean gauden ordezkari guztiok herritarrak animatu nahi ditugu martxa honetan parte hartzera, guztiok batera emakumeenganako indarkeria gaitzesteko”, azpimarratu du alkateak. Martxan parte hartzen dutenei puntu liladun motxila eta pin bat banatuko zaizkie.
Martxa ostean, Bermeoko alkateak, adierazpen instituzionala irakurriko du, eta ekitaldi horretan alkatearekin batera egongo dira Erroxape Emakumeen Elkartea, herriko ikastetxeak eta Zulai Agirre eskubaloi jokalari bermeotarra. 14:00etan, Lameran bertan, zehazki harrizko bankuan, Sareginek, Bermeoko feministen sariek, perfomanzea antolatu du; izan be, Bermeoko emakumeen elkarteek ere hainbat ekimen antolatu dituzte Andrazkoenganako Indarkeriaren kontrako Nazioarteko eguna dela eta.
“Emakumeen talde eta mugimendu feministaren lana ezinbestekoa da maila guztietako indarkeriak identifikatzeko eta horien aurrean hartu beharreko jarrera aktiboa lantzeko”, adierazi du Bidegurenek.
Horrela, Erroxape Emakumeen Elkarteak aste osoan zehar hainbat ekimen antolatu ditu. Bihar, azaroaren 21ean, martitzenean, Naroa Argoitiak, Emagineko kideak, ‘Mikromatxismoak eta gazteak’ hitzaldia eskainiko du eguerdiko 14:15ean Ignacio Arozena institututan. Egun berdinean, 18:00etan Bermeoko kultur etxean Idoia Lanerok, Murgibeko kideak, Emakumeenganako indarkeriari buruzko hitzaldia eskainiko du, 60 urtetik gorakoei zuzenduta. Hitzaldi hori Emakundek eta Gurutz Gorriak Bermeoko Udalaren laguntzarekin antolatu dute, Sare Morea programaren barne.
Ildo berean, hurrengo egunean, azaroaren 22an, eguaztenean, Erroxapek antolatuta, Naroa Argoitiak mikromatxismoei buruzko hitzaldia eskainiko du Erroxapeko lokalean arratsaldeko 18:30ean. Toki berdinean, azaroaren 23an, eguenean, 18:30ean zine zikloa antolatu du Erroxapek. Bertan, hiru emakume palestinarren bizipenak kontatzen dituen ‘Bar bahar’ filma ikusteko eta, ondoren, Amaia Agirresarobe komunikatzaile eta zinemagilearekin hitz egiteko aukera izango dugu.
Bestalde, Sareginek, azaroaren 24an, barikuan, bi dokumentalen emanaldia eskainiko dute 19:00etan Kabidxen, ‘El cuerpo de las mujeres’ y ‘El nunca me pegó’, hain zuzen ere. Ostean, debate bat egingo da parte hartzaileek mokadu bat hartzen duten bitartean. Azaroaren 25ean, lehen aipatutako performanzea antolatu dute Sareginek.
Bermeoko Udalak herritarrei dei egin die Andrazkoenganako Indarkeriaren kontrako Nazioarteko eguna dela eta antolatutako ekintza guzti horietan parte hartzera. Horrela, kaleetan zehar bozeramaileek sinatutako bandoa jarriko da emakumeenganako indarkeria gaitzesteko eta herritarrak azaroaren 25eko martxan parte hartzera animatzeko.
010 (94 617 91 00)