Albisteak

Albistea

Bermeoko Udalak txakurren pixa eta gorotzak garbitzeari buruzko kontzientziazio-kanpaina bat jarri du abian

  • Joan den udan Bermeo garbi mantentzeko herritarrak inplikatu eta sentsibilizatzeko helburu nagusiarekin sortutako `Zeurie be bada´ garbiketa-kanpainaren fase berri bat da
  • Txakurren jabeei pixa eta gorotzak jaso eta garbitzeko poltsa banatzaile eta botila batez osaturiko garbiketa-kit bat emango zaie. Interesatuak BerHaz Herritarrentzako Arreta Bulegora (Ertzilla 6-8) joan daitezke kita jasotzera

Bermeon, 2023ko martxoaren 20an.- Bermeoko Udalak herritarrak inplikatzeko eta sentsibilizatzeko eta Bermeo garbi mantentzeko ahaleginean jarraitzen du. Helburu horren barruan, hain zuzen ere, gaur goizean bertan joan den udan herritarrak kontzientziatzeko eta inplikatzeko abian jarritako `Zeurie be bada´ garbiketa-kanpainaren 5. fasea aurkeztu da.
Ostalaritzako lokalei, gazteei eta haurrei zuzendutako aurretiazko faseen ondoren, kasu honetan kanpainaren hartzaile nagusiak txakurren jabeak izango dira. Garbiketa kanpainaren 5. fase honen bidez, maskoten jabeak kontzientziatu nahi dira txakur-gorotzak biltzeko eta pixak garbitzeko betebeharraz, bai eta gorozkirik gabeko kale garbiak lortzearen garrantziaz ere. Hori dela eta, Bermeoko Udalak pixa eta gorotzak jaso eta garbitzeko poltsa banatzaile eta botila batez osaturiko garbiketa-kit bat emango die erabiltzaileei. Interesatuak BerHaz Herritarrentzako Arreta Bulegora (Ertzilla 6-8) joan daitezke kita jasotzera. Era berean, gainerako herritarrak ere gaitz horren inguruan kontzientziatzeko asmoz, Udalak maskoten pixa eta gorotzak bildu eta garbitzearen garrantziaz informatzeko esku-orri bat banatuko du etxeetan.

Biltzen ez diren gorotzak edota garbitzen ez diren pixak, arazo higieniko larria izateaz gain, arazo ekonomikoa eta bizikidetzakoa ere badira. Izan ere, infekzio-gune dira, usain txarra sortzen dute eta udalerriaren irudi txarra ematen dute. “Gorotzak ez biltzea, zalantzarik gabe, gizabidearen kontrako jarrera da, besteekiko errespetu falta oso larria, alegia. Herritarrengan, gainera, garbitasunaren arloan kezka handiena sortzen duen gaia da txakurren pixa eta gorotzena; hala adierazten diguten behin eta berriz. Arazo hori desagerrarazi behar dugu, eta, horretarako, herritarren laguntza ezinbestekoa da. Bermeotar guztiok inplikatu behar dugu, eta jakin behar dugu gure ekintzekin gainerako herritarrei kalte egin diezaiekegula. Ez da ezer kostatzen gure maskoten gorozkiak biltzea. Are gehiago, gure txakurraren gorotza bildu eta pixa garbitzeko keinu txiki horrekin, onura handia lor daiteke guztiontzat”, adierazi du Aritz Abaroa Bermeoko alkateak. Gogoratu behar da, gainera, gorotza ez biltzea garesti atera daitekeela; isunak 200 eurokoak izan baitaitezke.

20 / 03 / 2023

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0