Albistea
Astelehenean martxan hasiko dira Zarragoitxiko sarrerako biribilguneko lanekin. Lanon helburua ingurua berrurbanizatzea da, irisgarritasuna hobetuz, larrialdietako ibilgailuek auzoaren goiko aldera igo ahal izateko.
Modu horretan, gaur egun biribilgunean dagoen erdiko jardinera eta bertan dauden zuhaitzak kendu egingo dira, eta pasabidearen bi aldeetako espaloiak handitu egingo dira, oinezkoentzako eta ibilgailuentzako Zarragoitxirako sarbidea hobetzeko. Bide zorua eta espaloiak kota berdinean geratuko dira, ingurua oinezkoentzako ere irisgarria izan dadin.
Obrak 800 m² inguruko azalera hartuko du, eta esleipena Estudios y obras Rekalde, S.L. enpresari eman zaio. Egin beharreko lanak lau hilabetetan amaituta egotea aurreikusten da.
Lanok Hiri Berroneratze Erakundeen arteko Inbertsio Plan Estrategikoaren (P.I.I.E 22-24) programaren baitan egingo dira, Bermeoko Udalak herriko eremu degradatu desberdinetan jarduera jakin batzuk egiteko jasotako diru-laguntzarekin, eta zenbatekoa 198.448,58 eurokoa da (BEZ barne).
Lanak egin bitartean, inguruko zirkulazioan “ahalik eta gutxien” eragitea da helburua, eta bermatuta egongo da Zarragoitxira igotzea eta jaistea. Inguru horretan dauden garajeetarako sarrera ere “ahalik eta gehien” errespetatzen saiatuko dira, “tarteka, agian, horietarako sarrera-irteera zarratu beharko bada ere”. Udal arduradunek lanak iraun bitartean sor daitezkeen eragozpenengatik barkamena eskatu dute.
010 (94 617 91 00)