Albisteak

Albistea

Bermeoko erdiguneko egokitze eta edertze lanak hasi dira eta bost hilabetetan bukatuta egotea aurreikusten da

-Lan hauek burutzeko 531.122,87 euro bideratuko dira (B.E.Z. barne)

-Bermeoko alkate Aritz Abaroa: “Gure helburu estrategiko nagusietako bat da bermeotarren bizi kalitatea hobetzea herri atsegin, irisgarri eta ederrago bat lortzeko lan eginez. Uste dut inbertsio honek bete betean betetzen duela helburu hori”

Bermeon, 2022ko otsailaren 23an.- Bermeoko erdigunea hobetu eta edertzeko lanak hasi dira. Izan ere, Udalak Ispizua tar Segundo eta Prantzisko Deuna kaleak berrurbanizatu egingo ditu, oinezkoentzako espazioak irabaziz eta dauden espaloiak zabalduz. Helburua da oinezkoei lehentasuna ematea erdigune atseginago bat lortuz eta urbanizazio moderno eta erosoagoa eraikiz. Lan hauek burutzeko 531.122,87 euro bideratuko dira (B.E.Z. barne) eta aurreikuspena da 5 hilabetetan bukatuta egotea.

“Gaur aurkezten ditugun lanek Bermeoko erdigunea asko hobetuko dute. Uste dut oso garrantzitsua izango dela herrirako. Gure herriko urbanizazioak egokitzen eta txukuntzen joan behar gara egungo beharrizanei erantzunez eta hemen lehen urratsa emango du Udalak. Gure helburu estrategikoetako bi dira bermeotarren bizi kalitatea hobetzea eta herria edertzea. Uste dut lan hauek bete betean betetzen dituztela bi helburu horiek. Oinezkoek asko irabaziko dute, lehentasuna izango baitute eta, gainera, erdiguneko trafikoa asko baretuko da. Noski, saihesbideak ere asko lagundu du honetan guztian. Legealdi honetan zabaldutako sarrera berriari esker, asko arindu da erdiguneko trafikoa. Lan horiek gabe zaila izango litzateke egingo dugun hau egitea. Lanak bukatutakoan inguru hau guztia asko hobetuko da eta herriko urbanizazioen transformaziorako lehen urratsa izango da”, adierazi du Bermeoko alkate Aritz Abaroak.

Obra-eremua Kasinoko oinezkoen pasabidetik Fielato kaleko pasabideraino (egun semaforoa dagoen lekua) helduko da. Kaleari oinezkoentzako izaera emateko, galtzada 6.00m-ra eta 6.50m-ra murriztuko da, tokiaren arabera, eta espaloiak alde bietan zabalduko dira irisgarritasuna hobetzeko. Galtzadaren kota igoko da, espaloiaren kota berean utzita. Gainera, gaur egun dauden aparkalekuak mantenduko dira. Era berean, argiteria ere berrituko da.

Espaloia, tokiaren arabera, ezberdina izango da, inguruarekin homogeneotasuna bilatuz. Errepideari dagokionez, asfalto inprimatua erabiliko da eta lurpeko hornidura sareetan ere (argiteria, ur hornidura eta saneamendua) berrikuntzak egitea aurreikusi da. Horrez gain, zenbait altzari berri jarriko dira, bankuak, loreontziak eta paperontziak barne, inguruaren irudia berritzeko.

23 / 02 / 2022

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0