Albistea
Bermeoko Udalak apirilaren 18an, eguaztenean, Nestor Basterretxea aretoan, 19:00etan, herritarrekin batzar bat egingo du Gaztelugatxeren inguruan aurkeztutako plangintzaren nondik norakoak aztertzeko. Herritarrek euren zalantzak, iritziak eta ekarpenak egiteko aukera izango dute.
Herri batzar horretan plangintza hori nondik datorren adieraziko du Idurre Bidegurenek, Bermeoko alkateak; ondoren Unai Gangoitik, Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen zuzendariak, Bizkaiko Foru Aldundiak plangintza horretan proposatzen dituenak azalduko ditu, eta, ostean, Bermeoko Udalak plangintza horri buruz duen iritziaren berri emango du Bidegurenek.
Azalpen horiek guztiak eman ondoren, herritarrek euren galderak eta ekarpenak egiteko aukera izango dute eta horiek kontuan hartuko dira plangintzaren zuzenketak eta ekarpenak Bizkaiko Foru Aldundira bidaltzeko orduan. “Plangintza horretan herritarren ekarpenak ere islatuta ikusi nahi ditugu; izan ere, Gaztelugatxe oso garrantzitsua da bermeotarrontzat”, azpimarratu Bermeoko alkateak.
Horrez gain, Bermeoko alkateak gogoratu duenez,” turismoari zuzendutako gero eta jarduera gehiago dauzkagu eta Gaztelugatxe euren oinarri garrantzitsu bat da”. Hori dela eta, enpresa horiek ere batzar honetara etortzea eta euren ekarpenak egitea ezinbestekoa dela uste du.
Ildo honetan, adierazi duenez, batetik, “garrantzitsua” da Bizkaiko Foru Aldundiak aurkeztutako plangintzak Gaztelugatxeko “inguru naturala babestea, izan ere, bere balioa izugarria da”; baina, bestetik, “ezinbestekoa da Gaztelugatxeren identitatea babestea eta balioan jartzea, “Gaztelugatxe Bermeoren altxorra baita, eta bermeotarron historia, tradizio, eta izateko erarekin lotuta dago”. “Hori da, zalantza barik, duen xarma garrantzitsuenetarikoa gure Bermeoko Gaztelugatxek eta hori babesteko ahalegin bereziak egingo ditugu”, nabarmendu du alkateak.
Hortaz, bermeotarrak gonbidatu ditu apirilaren 18an, eguaztenean, Bermeoko Nestor Basterretxea aretoan arratsaldeko 19:00etan egingo den batzarrera.
010 (94 617 91 00)