Albisteak

Albistea

Udaberri morea bete-bete eginda dator

  • Jardueretan parte hartzeko ezinbestekoa da aldez aurretik izena ematea: berdintasuna@bermeo.eus edo 688 638 449.
  • Jarduera guztiak doakoak dira.

Martxan jartzeko prest dago udaberri morea, eta ekitaldiz beteta dator. Berdintasun Sailak abiarazitako proiektua da, eta sailetik antolatutako ekitaldiez gain, berdintasuna lantzen duten udaleko beste sail batzuetako ekimenak ere barneratu ditu, eta baita ere Bermeoko Mugimendu Feministarenak. Bermeoko Udalaren webgunean dago programa osoa: https://labur.eus/ua7w141q

Udaberri morea emakumeak euren eskubideen jabe egiteko eta beste emakumeekin sareak sortzeko tresnak eskaintzen dituen ikastaro, topaketa, hitzaldi eta tailer sorta da. Hain zuzen ere, emakumeen jabetze eta ahalduntze prozesuan eragitea da helburua, hau da, autokontzientzia hartzea, autoestimua lantzea, gaitasun propioak ezagutzea eta emakumeek dagokien espazioa berreskuratzea. Errealitatea ikuspegi feministatik aztertzen du, jendarte justu, anitz eta osoago baterantz urratsak emateko esperientziak eta jakintzak partekatuz.

Bermeoko emakume elkarte desberdinekin eta mugimendu feministarekin herriko emakumeen arteko sareak sortzea da helburua, elkar ezagutzeko, laguntzeko, topatzeko eta gozatzeko.

Udaberri moreko lehenengo jarduera Bermeoko Mugimendu Feministak antolatuta dator. Hain zuzen ere, Diamou Bou eta Assalam emakume elkarteen lankidetzarekin eta Kabidxe gune sozialaren laguntzarekin, Bermeoko Emakumeak* Saretuz III. Topaketa antolatu dute apirilaren 4rako (barikua); Kabidxen batuko dira 17:30etik 20:30era, eta zaintza zerbitzua eskainiko da. Intersekzionalitatea funtsezko elementu artikulatzailetzat hartuta eta aniztasuna abiapuntu izanik, ekimen honen helburua herriko emakume elkarteak eta norbanakoak saretzea da.

Apirilerako antolatu da baita ere, autodefentsa feminista tailerra. 10 eta 15 urte bitarteko neskei zuzendutako tailerra da, eta bi egunetan eskainiko da: Apirilak 5 eta 12, 16:00etatik 20:00etara, Gizarte eta Kultura Etxean. SAFO eskolako Esther Lopez izango dute gidari eta honakoak dira tailerraren helburuak: ahalduntzea eta autoestimua lantzea, gorputzen inguruan hausnartzea, biktima-rola alboratzea eta egoera arriskutsuei norberaren kabuz aurre egiteko sentimendua lantzea. Gainera, parte-hartzaileek erasoetatik defendatzeko, praktikan jartzeko oinarrizko teknikak ikasiko dituzte.

Puntu Seguruen Sarea osatzen

Iaz abiarazitako Puntu Seguruen Sarea osatzen jarraitu asmoz, udalerriko tabernari eta dendarientzako formakuntza saioak antolatu dira apirilerako. Apirilaren 7an izango dute lehenengo aukera, 14:30etik 16:30era, Gizarte eta Kultura Etxean, eta apirilaren 8rako antolatu da, berriz, bigarren saioa, 08:00etatik 10:00etara, leku berean. Puntu Seguruen Sarera batzeko, ezinbestekoa izango da taberna edo dendetako langile guztiek egunetariko batean bi orduko saioan parte hartzea. Gogorarazi gura da, gune seguruen helburua dela indarkeria matxista jasotzen duten pertsonei eta euren ingurukoei babesa ematea, eta baita ere indarkeria matxistarik gabeko espazioak sortzea.

Iazko arrakasta ikusita, aurten ere, 40 eta 55 urte bitarteko emakumeei zuzendutako Plenopausia tailer teoriko-praktikoa antolatu da. Hiru saioko tailerra izango da: Apirilak 9, maiatzak 7 eta ekainak 4. Saio guztiak 18:00etatik 20:00etara izango dira, Gizarte eta Kultura Etxean, eta Ana Valles Renteriak eskainiko du tailerra. Izena ematen dutenek, bizitzako etapa hori modu osasungarriagoan bizitzeko estrategiak ezagutuko dituzte, eta tailerra esperientziak partekatzeko errespetuzko espazioa izango dela adierazi dute arduradunek.

Maiatzera salto eginez, Txaramela Koop. Elk. Txikiko kideek eskainita, agroekologia feminista tailer teoriko-praktikoa antolatu da. Maiatzaren 10 eta 24an izango da, 10:00etatik 13:00etara, Almika auzoan. Gaur egungo nekazaritzako elikagaien sistema konbentzionalen aurrean, elikadura-subiranotasuna eta agroekofeminismoari buruzko eztabaida sorraraztea dute helburu, esperientzia eta bizipen desberdinak jaso ahal izateko. Gainera, sasoiko barazkiz betetako pasta integrala eta ekologikoa, eta saltsak egingo dituzte.

Udalerriko emakume nagusienak albo batera utzi barik, 60 urtetik gorakoentzako Emakume nagusiak eta sexualitatea tailerra antolatu da. Kasu honetan ere, Ana Valles Renteria izango dute gidari, eta bi eguneko tailerra izango da: Maiatzak 23 eta 30. Gizarte eta Kultura Etxean eskainiko da tailerra, 10:00etatik 12:00etara. Tailer honekin, emakume izatearen definizio tradizionala berregin gura da; “bakoitzak berea, gorputz-aniztasun eta plazererako duen gaitasunetik, jendartean duen rol ezberdinen hausnarketara”.

Maiatzaren 26an, Josune Barturen abokatuak, Ezagutu zure eskubideak hitzaldia eskainiko du; Gizarte eta Kultura Etxean izango da, 10:00etatik 12:00etara. Hitzaldi horretan, migrazio legearen azken moldaketaz ariko da hizlaria, eta edozein zalantza argitzeko prest egongo da.

Maiatzaren 30an, Bermeoko Mugimendu Feministak antolatuta, 18 urtetik gorakoei zuzendutako Gure zoru pelbikoa ezagutzen tailerra eskainiko du Iratxe Erkorekak; Kabidxen izango da tailerra, 17:30ean. Tailer teoriko- praktikoan pelbiseko muskulatura eta gorputz gune gisa duen funtzioa ikasiko dute, barruko eta kanpoko genitalen anatomia ezagutuko dute, eta disfuntzio fisiko eta sexualen zergatiak hobeto ulertuko dituzte. Ikastaro honetan parte hartu gura dutenek bermeokomf@gmail.com posta elektronikora idatzi beharko dute izena emateko, eta plazak mugatuak dira.

Ekaina ibilbide gidatu batekin hasiko da. Urdailifen eskutik, emakumeak, Bermeoko historiaren protagonistak izeneko bisita gidatua eskainiko da ekainaren 1ean, 12:00etan, Turismo Bulegotik hasita. Bisitan Bermeoko emakumeek historian izan duten benetako lekua ezagutzeko aukera egongo da. Beharrezkoa izango da aldez aurretik izena ematea, eta edozein herritarrek parte har dezake.


Ekainaren 5ean, Zinegoak, Bilboko gaylesbotrans Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdiko hainbat proiekzio hartuko ditu Nestor Basterretxea aretoak, 18:30ean hasita.

Ekainaren 9rako, zikloa ezagutzen hilerokotik haratago tailerra antolatu da LH4, 5 eta 6. mailako neskei eta horien emakumezko erreferenteei bideratuta. Gizarte eta Kultura Etxean izango da, 17:30etik 19:30era, eta Ana Valles Renteria eta Esti Bilbao Bilbao izango dira trebatzaileak. Tailerrean, emakumeen ziklotasuna zelakoa den eta horren funtzionamendua zein den landuko dute.

Ezinbestekoa da izena ematea

Jardueretan parte hartzeko ezinbestekoa da aldez aurretik izena ematea, horretarako, berdintasuna@bermeo.eus posta elektronikora edota 688 638 449 telefono zenbakira idatzi beharko da. Plazak mugatuak dira, eta partaideen zerrenda izen-emate dataren arabera egingo da; Bermeon erroldatutako emakumeek lehentasuna izango dute. Irisgarritasun beharrizanik izanez gero, interesdunak izena ematerako orduan jakinarazi beharko du, beharrezkoak diren kudeaketak egin ahal izateko. Programazio guztia dohainik eskainiko da.

Era berean, gogorarazi gura da Irakurleen Txoko Feminista ere hilero batzen dela, hileko laugarren eguaztenetan, 19:00etan, Gizarte eta Kultura Etxean; apirilaren 23an eta maiatzaren 24an batuko dira datozen hilabeteetan. Eta emakume kirolaria bazara eta korrika egitea gustukoa baduzu, gogoratu baita ere Emakume Korrikalarien Taldea martxan dagoela; 16 urtetik gorakoek parte har dezakete.

Bermeoko Udalak herritarrak animatzen ditu udaberri morearen baitan antolatu diren ekimenetan parte hartzera, “mota askotako aukerak baitaude”.

26 / 03 / 2025

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0