Albisteak

Albistea

Bermeoko Andra Mari eta Santa Eufemia jaiek adin guztietarako programa indartua eskainiko dute

Esne beltza-ren eta Bermeoko taldeen kontzertuak, ‘Goazen’ ikuskizuna, suziriak eta baserri eta abere azoka erraldoia, besteak beste, Bermeoko jaietan

 

Bermeoko Andra Mari eta Santa Eufemia jaiek adin guztietako herritarrek jaiekin bete-betean gozatzeko programa zabala eskainiko dute irailaren 7tik 16ra, eta horren barne, besteak beste, Esne Beltza eta Bermeoko rock taldeen eta Maren & Leireren kontzertuak, ‘Goazen’ ikuskizuna, mikroantzerkiak, suziriak, umeentzako ekintzak eta baserri eta abere azoka erraldoia izango ditugu. Gainera, aurten jaietako egun garrantzitsuenetarikoak, Arrantzale Eguna eta Santa Eufemia Eguna, hain zuzen ere, zapatuak izango dira; hortaz, giro izugarria aurreikusten da Bermeon egun horietan. 

“Aurten jai programa indartua aurkezten dugu, bai ekonomikoki bai ekitaldiei dagokienez; izan ere, iaz baino aurrekontu handiagoa du eta ekintzak ere gehiago dira: kontzertuak, dantzaldiak, ikuskizunak…”, adierazi du Bermeoko alkateak, Idurre Bidegurenek. 

Bidegurenek,  Aingeru Astuik, Bermeoko Kultura zinegotziak; Jai Batzordeko eta Txosna batzordeko kideek; eta Bermeoko rock taldeetako ordezkariek Bermeoko Andra Mari eta Santa Eufemia jaietako programa aurkeztu dute gaur prentsaurrekoan. Bertan, adierazi dutenez, nahiz eta jaiak irailaren 7an hasi, irailaren 2tik aurrera jai giroa izango dugu Bermeon Almikako jaiekin eta hainbat ekitaldirekin. 

Beraz, jai egun horietan guztietan bai bermeotarrek bai kanpotik datozenek, musika, kirola, umeentzako ekintzak eta suziriak presente egongo diren jai egunetan disfrutatzeko aukera izango dute Bermeon. Bermeoko alkateak Jai eta Txosna Batzordeetako kideei eta jaiak antolatzen laguntzen duten talde guztiei eskerrak eman dizkie urte guztian zehar egindako lanagatik. 

“Bermeoko jaien berezitasuna da herritarrek herritarrentzat antolatutako jaiak direla, eta herritarrek antolatutako hainbat ekimen daudela. Horri esker jai herrikoiak eta benetan parte-hartzaileak lortzen ditugu”, azpimarratu du Bidegurenek.  

Nahiz eta jaiak irailaren 7an, eguenean, hasi, irailaren 2an, zapatuan, hainbat izango dira Bermeon egingo diren ekimenak; izan ere, Salome Campos Igeriketaren V. Edizioa egingo da, Independentziaren aldeko eguna ospatuko da eta Alkartasuna Dantza Taldeak, Korrontzi musika talde eta Oinkari dantza taldeko dantzariekin ikuskizun berezia eskainiko du 

Irailaren 3an, domekan, Almikako jaiak ospatuko dira. 10:00etan hasiko dira ikurrinaren jasoera eta dunbadarekin, eta untxi txapelketa, umeentzako puzgarriak, triki poteoa, baserri kirolen erakusketa, Almikako II Nesken Harri Tira txapelketa, sardina dastatzea eta euskal erromeria, besteak beste, izango ditugu. Egun berdinean goizeko 10:00etan LVII Sollube Zirkuitua, 23 urtez azpiko elite mailako txirrindularitza lasterketa egingo da. 

Jaien hasiera Goiko Plazan 

Irailaren 7an, eguenean, itsasoko eguna ospatuko da (kukaña, piraguak, platanoa, padel surf…), eta Salsa Cubanaren eskutik kalejira izango dugu Bermeoko kaleetatik. Horrez gain, ‘Haizien barrure topa’ ekimena egingo da eta Bermeotarrak fanfarrearen kalejira izango dugu. 

21:50ean Xixili aurkeztuko da Goiko Plazan eta 22:00etan alkatearen pregoia, ikurrina jasotea eta dunbadea izango dira leku horretan. Bermeotarrak Fanfarreagaz aurreskuek jaiei hasiera ezin hobea emango diote eta jaitsiera egingo da Nardiz tar Jon eta Arresi kaleetatik San Migel eskailerataraino. Ondoren, pintxadea txosna gunean eta, Bermeko Kafe Antzokiak antolatuta,  Paul Swyle DJ komertziala izango da. 

Irailaren 8an, barikuan, Andra Mari Egunean, goizeko 10:30ean Udalbatza Goiko plazan batuko da alkate soinua entzuteko. Ondoren, Udalbatza Almikerantz abiatuko da Kankinkabara txistu taldea, Bermeoko erraldoien konpartsa, Alkartasuna dantza taldea eta Aiarako musika bandarekin ‘Bermeo’ pieza joten. Almikan ohorezko aurreskua egingo zaio Udalari eta Erraldoien eta buruhandien ekitaldia ere izango da. 

Almikan mezak, trikipoteoa, nesken arteko baserri kirolen norgehiagoka eta idi probak ere izango ditugu. Horrez gain, Andra Mari Egunean  asko izango dira Bermeon ospatuko diren ekimenak; hala nola, Aiara Musika bandaren kontzertua Santa Maria Elizan, Bermeoko Erraldoien Konpartsaren kalejira Alde Zaharretik, herri bazkaria txosna gunean eta esku pilota partidu nagusiak (Artola- I Zabala/ Laso-Aretxabaleta; Olaizola II-Larunbe/ Urrutikoetxea-Albisu). 

Umeen danborrada ere Andra Mari egunean izango da 18:00etatik aurrera eta Alde Zaharreko ohiko ibilbidea berreskuratuko du. Jai herrikoiei buruzko mahai-ingurua egingo da txosna gunean. Gaueko 22:00etan Valecea pirotekniaren eskutik suziriak izango dira. 

Ondoren, Bermeoko 15 musika taldeetako 20 musikari inguruk egindako Geuk Eusk abestiaren bideokliparen aurkezpena egingo da txosna gunean. Baina martxa ez da bukatuko; izan ere, Etxekalte, Zartada eta Zona Cero Bermeoko taldeen kontzertuak jarraituko dute Lameran, eta, horiek bukatutakoan, pintxada egongo da txosna gunean. 

Arrantzale Eguna 

Irailaren 9an, zapatuan, Arrantzale Egunean, Andekoko lagunek antolatuta, meza egongo da Santa Eufemia elizan arrantzaleen omenez, eta, ondoren, kalejira txistulariekin, lore eskaintza eta Kaixarranka dantza egingo dira. Horrez gain, sorkidxe eta kriela erabili dutenei omenaldia egingo zaie. 

Eguerdiko 13:00ean, bermeotarrontzat hain garrantzitsua den egun honetan, aurreskuak eta zabaletakoak egongo dira Goiko plazan eta, ohikoa den moduan, jaitsiera egingo da Taraskari lorak eskaintzeko. 

Egunean zehar fanfarreak eta trikitilariak herriko giroa alaituko dute, eta 19:00etan Mariachi Raza Azteca taldeak kontzertua eskainiko du Lameran. Dantzan egiteko aukera  izango dugu 21:00etik aurrera Alde Zaharra Bizirik elkarteak antolatuta Orkesta Elektrotxaranga egongo delako Alde Zaharretik, eta 21:30ean Lameran Laoitz taldearen dantzaldia izango da. Jaiak aurrera jarraituko du goizaldeko 01:30ean Jaikide Diskofestarekin Lamerako kioskoan. 

Egun horretan gaueko 11:00etatik 2:30ak arte txosna gunearen ondoan Testing programa Ai Laket!! drogei buruzko informazio eta analisi zerbitzua egongo da, eta EuskoTrenek gaueko tren zerbitzua eskainiko du.

Ume eta gaztetxoen jolas parkea San Martin inguruko etxeetako parkean 

Andra Mari Hirugarren Egunean, irailaren 10ean, domekan, ume eta gaztetxoen jolas parkea izango dugu, aurten lekualdaketa egingo da eta Zubiaur Tar Kepa kalean, San Martin inguruko etxeetako parke berrian izango da. Horrez gain, CEVASek antolatuta, Ama Begoña Urpean Tronuratzearen LIV. Urteurrena ospatuko da. 

Hirugarren Andra Mari Eguneko egitaraua aurten indartu egingo da Tio Teronen semeak talderaren euskal dantzekin. Horrez gain, XLIII. Herri Kirolak eta Bertso saioa ere izango dira Artza frontoian Uxue Alberdi, Amets Arzalluz, Etxahun Lekue eta Alaia Martinekin. Gai jartzailea Josu Goikoetxea izango da. 

Irailaren 11n, astelehenean, Diada eguna eta XXXVII. Bermeoko Hiria Esku Pelota txapelketarekin gozatzeko aukera egongo da. Horrez gain, Irakaskintza kalean ume eta nagusientzako Circo del Sol-en lan egin duen Ortzi Acostaren ‘Ilusioa’ akrobazia ikuskizuna egongo da Irakaskintza kalean eta, ondoren, txokolatada. Gauean Desquici taldearen eta Bermeoko talde baten kontzertua txosna gunean. 

Maren&Leire 

Irailaren 12an, martitzenean, aireko akrobaziak oihaletan tailerra eta txotxongiloak txosna gunean eta mus txapelketa Bermeoko Kafe Antzokian izango dira. Horrez gain, la Voz Kids programan parte hartu duen Marenek, Leire Gotxi abeslari bermeotar famatuarekin batera kontzertua eskainiko du Lameran arratsaldeko 19:00etan. Ondoren, Bermeoko Play Back erraldoia egingo da, lehenengo umeen saioarekin eta ondoren nagusien saioarekin. 

Ongi Etorri Errefuxiatuak taldearen argazki erakusketa, bideo emanaldia, Afrikar kontzertua eta arabiar janaria, umeentzako tailerrak eta mus txapelketa izango ditugu irailaren 13an, eguaztenean. Horrez gain, XXXVII. Bermeoko Hiria Esku Pelota Txapelketa, suzko zezena eta mikroantzerkiak izango ditugu. Iaz egin ziren lehenengo aldiz mikroantzerkiak eta harrera oso ona egin zuten. Aurten ere berriro ere egingo dira Kabidxen hartuko dira sarrerak eta hortik aukeratutako mikroantzerkia ikustera eramango dituzte ikusleak ekimen orijinal horretan. 

‘Goazen dantzatu eta abestera’ 

Irailaren 14an, eguenean, hainbat izango dira Bermeok hartuko dituen jai ekimenak, eskalada txosneroa eta tortilla txapelketa txosna gunean, eta EITBko serie famatuan oinarritutako ‘Goazen dantzatu eta abestera’ ikuskizun parte-hartzailea izango dugu 20:00etan Lameran. Gaueko 22:00etan kontzertuak karruen txosna gunean. 

Irailaren 15ean, barikuan, gozatzeko aukera pila izango dira Bermeon. Horrela, XII. Alkartasuna Batel Estropada, kamiseta azoka eta Esku Pelota Partidu Nagusiak (Elezkano II- Irusta/ Elordi-Martija; Altuna III-Rezusta/ Iribarria-Zabaleta) izango dira.

Egun horretan ere izango da danborrada, Aiarako Musika bandagaz, eta azken horrek kalejira eta ekitaldia egingo du Gaztelun. Txosna gunean Salsa Cubana, Alkartasuna Dantza Taldea eta Swingtxakuren dantza saioarekin gozatzeko aukera izango dugu, eta gaueko 22:00etan Zaragozana Pirotekniaren eskutik suziriak izango dira. 

Esne Beltza eta Ozhen taldeen kontzertuak 

Festak aurrera jarraituko du Ozhen eta Esne Beltza taldeen kontzertuekin eta ondoren pintxada izango da txosna gunean. EuskoTrenek zerbitzu bereziak eskainiko ditu irailaren 15ean, barikuan. 

Irailaren 16an, Santa Eufemia egunean, zapatuan, baserri giroko azoka eta abereen azoka izango ditugu, baina hainbat berrikuntzarekin; izan ere, aurten ohikoa izaten dena baino handiagoa izango da eta eszenatoki berriak ere hartuko ditu. San Frantzisko eta Segundo Ispizua kaleak trafikora itxiko dira azokak irauten duten bitartean. 

Horrela, Lameran Baserri giroko azoka eta okela dastatzea izango dugu,  eta San Frantzisko enparantzak honakoak hartuko ditu: V Oiloen erakusketa eta Euskal oiloaren  Bizkaiko III. Txapelketa, Abereen erakusketa, poniak eta buzterriak nola egiten den ere erakutsiko da. Horrez gain, Erriberan nekazaritzako makineriaren erakusketa bat egingo da. 

Eguerdiko 12:00etan Udalbatza Santa Eufemia plazara abiatuko da Aiarako Musika bandak eta txistulariek lagunduta eta bertan Bermeoko Erraldoien konpartsaren ekitaldia eta Aiarako musika bandaren saioa izango dira. Ondoren, hainbat omenaldi egingo dira, eta Balkoitik Balkoira bertso saioarekin ondo pasatzeko aukera izango dute bertaratutakoek. 

Santa Eufemia egunean ere, 18:00etan, XXXV. Bermeoko Uria Ikurriña estropadarekin gozatu ahal izango dugu, bermeotarrok eta kanpotik datozen pertsona guztiak. 

Ohikoa den moduan doluzko ibilaldia egingo da Xixiliri azken agurra emateko, gaueko 22:00etan. Ondoren, Xixili erreko da eta gaueko 22:30ean Ezetz taldearen dantzaldiarekin dantzan egiteko aukera izango dugu Lameran. 

Txosnak 

Bestalde, aurten aldaketa bat egongo da txosna gunean; izan ere, txosna batzordeko kideen helburua da eredu berriak bilatzea, beti ere jai parte hartzaileagoak eta herrikoiagoak lortzeko helburuarekin. Horrela, aurten txosna bakarra egongo da, txosna handia izango da eta 30 metroko luzera eta 10 metroko zabalera duen karpa bat izango du, eguraldiak laguntzen ez badu ere bertan egoteko aukera paregabea eskainiko duena. 

Txosna batzordeak programan zehar aipatutako egitarau zabala prestatu du Bermeoko Andra Mari eta Santa Eufemia jaietarako, eta lortzen duen diru guztia hurrengo urteko jaietan inbertsioak egiteko erabiliko du.  

Andra Mari eta Santa Eufemia jaietako programa irailaren 1etik, barikutik,  aurrera egongo da salgai Bermeoko Turismo bulegoan eta Kultur etxean 1, 20 eurotan. 

Berdintasuna 

Bermeoko alkateak jaiak “denok disfrutatu ahal izateko errespetua eta elkar ulertzea” eskatu du. Zehazki, emakumearen askatasuna aldarrikatu du. Bere esanetan, “jaiak disfrutatzeko pertsona askeak izan behar gara, beldur barik ibiliko garan pertsonak, eta hau denon artean lortu behar dugu, alde batetik, eraso sexistarik onartzen ez duen herria garela erakutsiz eta, bestetik, eraso sexistei erantzuna emanez”. “Ez, ez da”, nabarmendu du.

 Idurre Bidegurenek, Aingeru Astuik eta jai batzordeko kideek adierazi dutenez, “gure herrian ez da musikarik, dantzaldirik, txapelketarik, omenaldirik, azokarik ezta ikuskizunik faltako”, baina Bermeoko Jaiak “duten enkantua bermeotarrok jaiak bizitzeko daukagun era berezi eta parte-hartzailea da, zalantza barik”. 

Azkenez, herritar eta herrira datozenei gonbitea luzatu die “mahonez jantzi eta gozatu”. “Jai zoriontsuak eta ondo pasa!”, nabarmendu dute. 

11 / 08 / 2017

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0