Albisteak

Albistea

Ibarrolaza: "EAJk akordioak apurtzen baditu ere, Bermeoko Udal Gobernuak akordioak betetzen jarraituko du, lehentasuna herritarren beharrizanak direlako eta ez alderdikeriak"

 

Bermeoko alkateordeak, Benito Ibarrolazak, azpimarratu duenez, “Bermeoko Udal Gobernua lanean ari da herriko hainbat tokitan irisgarritasuna bermatzeko eta hobekuntzak egiteko, besteak beste, Talan, Zarragoitxin eta Itxasbegin”. Horrez gain, “bosgarren edukiontzia jartzeko prozesua martxan” dagoela adierazi du eta “jolas guneetan hondakinak gaika batzeko edukiontziak leku gehienetan jarrita” daudela argitu du; izan ere, “Lameran eta Atalden jarrita daude eta Erretenekoak aurreikusita eta erosita daude, baina Aterpeko lanak hasi arte itxaron egingo da”. 

Era berean, argitu duenez, Bermeoko Udalak urrian sinatuko du Gurutz Gorriarekin hitzarmena. “Udal Gobernuak Gurutz Gorriari azken zirriborroa uztailaren 11n bidali zion, eta Gurutz Gorriaren ekarpenak jaso ondoren, urrian bertan sinatuko dugu”, azpimarratu du. 

Azalpen horiek “Osoko Bilkuran eta aurretik ere batzar ezberdinetan eman” direla gogoratu du Ibarrolazak. Horregatik,  EAJk udal gobernuari egindako kritikak “ulertezinak” direla adierazi du. “EAJk Udal Gobernuaren kontrako akusazio gogorrak egin ditu, nahiz eta,  ondo jakin, lehen eskuko informazioa dutelako, zailtasun guztien gainetik, Udal Gobernua akordio guzti horiek jasotzen dituzten proiektuak martxan jartzeko gogor lanean dabilela”, adierazi du. 

“Horregatik, ez dugu ulertzen EAJk akordioa apurtuko duela esatea. Arazoa zein da? Hauteskundeak direla eta, ez dutela gurekin akordiorik izan nahi eta, gezurrak argudio moduan erabiliz, orain arte lortutakoak apurtu nahi dituztela? Hori bada euren erabakia, eurek ikusiko dute; guk, gure aldetik, akordio horiek jasotzen dituzten proiektuak martxan  jartzen ari gara,  legealdi guztian zehar egin dugun moduan, guretzat, alderdikerien gainetik,  herritarrak eta euren beharrizanak direlako lehentasuna”, esan du. 

Esate baterako, azaldu duenez, Zarragoitxiren kasuan, “EAJk dakien moduan, arazo teknikoak egon dira, baina momentu honetan proiektua bideratzen gaude”. “Talan egin dira jadanik irisgarritasuna hobetzeko hainbat lan eta epe laburrean aparkalekura irisgarritasuna bermatzeko lanak egingo dira: espaloia bertara sartzeko egokitu, argiteria, lurzorua eta margolanak…”, gaineratu du. 

Gurutz Gorriaren lan garrantzitsua 

Bestalde, Ibarrolazak adierazi duenez, “onartezina” da Gurutz Gorriagaz EAJk “egiten duen erabilera politiko eta partidista”; izan ere, Udal Gobernuak Gurutz Gorriaren “lan garrantzitsua, zalantza barik, goraipatzen du”  eta hori zalantzan jartzeak “EAJren maltzurkeria adierazten du”. 

“Gurutz Gorrian dugun konfiantzaren adierazlerik argiena urrian sinatuko dugun hitzarmena da, inoiz Udal honetan sinatu ez dena, EAJren garaian bez. Hitzarmen horrek Gurutz Gorriak egiten duen lan soziala balioan jartzen du eta Udal Gobernuak Gurutz Gorriarekin egindako lanaren emaitza da, hain zuzen ere”, esan du alkateordeak. 

Elkarbizitzarako araudiari dagokionez, Ibarrolazak adierazi duenez, “alkateak argi utzi zuen Osoko Bilkuran Bermeoko Udalak ez diola inori pankartarik jartzeko baimenik eman; hortaz, ezinezkoa dela salbuespenik egitea herritar batzuen eta beste batzuek artean”. “Pankartak herrian talde ezberdinek jartzen dituzte, aipatutako elkarteak ere bai, baina inork ez du Udalaren baimenik izan pankartarik jartzeko. Nahiz eta hori Osoko Bilkuran argi utzi, EAJk, gezurrak erabilita, berriro ere salaketa hori egin du, eta hori lotsagarria da”, salatu du. 

“Eraso, akusazio faltsu eta alderdikeri guztien gainetik, Udal Gobernuak lanean jarraituko du herritarrentzat garrantzitsuak diren proiektuak martxan jartzeko eta aurrera begira gainerako alderdiekin akordioak lortzeko prest agertuko da herritarrentzat onak diren heinean”, azpimarratu du Ibarrolazak. 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

02 / 10 / 2018

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0