Albistea
Sollube 707 Bermeoko Mendizale taldeak, urtero bezala, ‘Bermeoko inguruak ezagutzen’ ibilbidea antolatu du martxoaren 17an, domekan. Oraingoan parte-hartzaileek Tribisburuko Nekropolia eta Mintegitxuko karobia ezagutzeko aukera izango dute; izan ere, Sollube 707 taldearen helburuak bi dira, batetik, kirola egitea eta, bestetik, Bermeoko ondare kulturala erakustea. Parte- hartzea dohainik da.
Irteera goizeko 8:00etan izango da Taraskan. Taraskatik Tribisburuko Nekropolira joango dira eta bertan, 10:30ean, Mikel Unzueta Portilla adituak eta ‘Kobie’ aldizkariaren kordinatzaileak hitzaldia eskainiko du. Horretan nekropoliari buruzko hainbat azalpen emango ditu, noiz, nola, zer izan zen, zer aurkitu duten eta beste hainbat gauza interesgarriri buruzko informazioa eskainiko die bertaratutakoei, hain zuzen ere. Ibilaldia egin ezin dutenek 10:30ean hitzaldira zuzenean joateko aukera ere izango dute.
Ondoren, bigarren geldialdian, Mintegitxuko baserri inguruan dagoen karobia ikusiko dute parte-hartzaileek. Bermeon bi karobi daude eta horietako bat da ibilbidean ezagutuko dena, beste zazpi karobi, gutxienez, desagertuta daude.
Sollube 707 taldeko kideek azaldu dutenez, “gero eta globalizatuagoa dagoen mundu honetan, askotan urrun dagoenari buruzko informazioa jasotzen dugu eta etxekoa ez dugu ezagutzen”. Ildo horretan, gogoratu duenez, Bermeok “ezagutzen ditugun ondareak ditu: Frantzisko Deunaren eliza eta klaustroa, Santa Eufemia eta Santa Maria elizak, Arrantzaleen Museoa, Gaztelugatxeko San Juan… baina mendian ere baditugu gune eta inguru interesgarriak eta baita ondare garrantzitsua ere bai, erne ez bagaude desagertuko direnak”.
Horregatik ‘Bermeoko inguruak ezagutzen’ ibilaldien asmoa da “mendian ditugun inguru, leku edota ondareak jendeari non dauden erakustea eta horiei buruzko kontzientzia hartzea, izan ere, Olatz Aranguren Juaristi historialariak dioen bezala: ‘Herri osoarentzat da garrantzitsua herrian dugun ondarearen berri izatean, nor garen jakitea’”.
Hortaz, Sollube 707 Bermeoko Mendizale taldeak herritar guztiak animatu ditu ibilaldi honetan parte hartzera, dohainik da eta izena eman beharrik ez dago. Informazio gehiago nahi duten pertsonek 676 62 01 95 telefonoan eskuratu ahal izango dute.
010 (94 617 91 00)