Albisteak

Albistea

Bermeoko Udalak gure historia kontatzen duten bederatzi panelen bidez ibilbide turistikoa egin du

 

Bermeoko Udalak gure historia kontatzen duten bederatzi panel jarri ditu Bermeoko toki esanguratsuenetan: San Juan Portale, Prantzizko Deuna Atea, Gaztelu, Torrontero, Portuzarra, Baztarre, Tala, Goiko Plaza eta Gaztelugatxeko Doniene. “Panel horiek Alde Zaharrera sartzeko gonbidapen bat izango dira, eta gure herria ezagutzeko ibilbide interesgarri eta polita osatuko dute”, adierazi du Irune Ormaetxeak, Turismo eta Merkataritza zinegotziak. 

Ormaetxeak gaur panel hauek aurkeztu ditu Baztarren egindako prentsaurrekoan. Berarekin batera egon dira Bego Gangoiti, Turismo teknikaria, eta Ainara Etxebarria, Urigintza teknikaria. Panel horiek egiteko Eusko Jaurlaritzaren Itsaspen programaren laguntza izan du Bermeoko Udalak. 

Turismo zinegotziak azaldu duenez, Bermeoko ondare kulturala balioan jartzeko seinaleztapen plangintza bat lantzen ari da Udala. “Gaur panelak aurkezten ditugu, eta horietan toki bakoitzeko informazioa emango da era erakargarrian, argazki batekin batera. Horrez gain, plano batzuk ere osatzen dute panel hauek, eta plano horietan beste panelen kokapenen berri ematen da, kalez kaleko ibilbide interesgarri bat osatuz”, adierazi du. 

Panelen bidez osatutako ibilbide horrek, Ormaetxearen ustez, “aukera paregabea eskainiko du, bai bermeotarrei bai turistei, gure herria ezagutzeko, gure kaleak eta txoko politenak ezagutzeko, eta gure historiaren berri izateko ere bai”. 

“Horrez gain, gure Alde Zaharrera sartzeko eta bisitatzeko gonbidapen bat izango dira”, azpimarratu du. Azaldu duenez, panelekin Bermeoko “Alde Zaharra eta bere toki ederrak (paisaia aldetik eta historikoki duten esanahiagatik ere bai) balioan jartzen ditugu, eta hori oso garrantzitsua da Bermeoko Alde Zaharra biziberritzen elkarlanean egiten ari garan lanean pauso berri bat delako”. 

Irune Ormaetxeak, adierazi duenez, panelen bidez egin den ibilbide hau Bermeoko Edertze Planaren barne landutako ekimena izan da. Ibilbidea Portu Zaharrean hasten da eta Talaraino eramaten du, Bermeoko Alde Zaharreko kaleetatik pasata. “Helburuak hainbat dira: Alde Zaharra biziberritzeko lanean beste pauso bat eman; herritarren bizi kalitatea hobetu, gure ondare historikoa balioan jarri, baliabide turistiko berriak sortu eta turismo jasangarria bultzatu”, nabarmendu du. 

Bideo txikiak eta aplikazioa 

Bestalde, Ormaetxeak jakinarazi duenez, seinaleztapen plangintza horretan beste hainbat ekimen aurreikusten dira. Horrela, sei paneletan, epe laburrean, kodigo QR batzuk jarriko dira, eta horien bidez, bideo labur batzuk ikusteko aukera izango dute bertaratzen diren guztiek. 

“Bideo horiek toki bakoitzeko historia edota gure herriko tradizio, ohitura eta jaiak erakutsiko dituzte era orijinalean, bai bermeotarrek bai turistek, bideo horiek ikusi eta eurekin gozatu ahal izateko”, azaldu du.  Hurrengo pausoa, aplikazioen bidez gainerako informazioa ematea izango dela gaineratu du Ormaetxeak. 

Azkenez, azaldu duenez, “ondare kulturala balioan jartzeko seinaleztapen plangintza Eusko Ikaskuntzarekin batera lantzen ari gara, eta bere helburua da turismoa bultzatzen jarraitzea”, izan ere, Bermeoko Udalaren “helburu estrategikoa” da. 

01 / 02 / 2017

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0