Albistea
Bermeoko XX. Jazzaldiak ekainaren 27tik 30era lau kontzertu eskainiko ditu, eta honako hauek izango dira parte hartuko duten taldeak: Bermeoko Jizz Jazz & Lagunak, Brasileko Leo Minax & Mistoquente, freejazz eskaintzen duen Malstrom hirukotea eta nazioarteko sari asko jaso dituen Claudio Jr de Rosa Jazz 4tet. Kontzertu guztiak Kafe Antzokian izango dira 20:30ean eta sarrera doan izango da.
Aingeru Astuik, Bermeoko Udaleko Kultura zinegotziak, eta Joseba Verdesek Jizz-jazz taldearen kideak, aurkeztu dute aurten 20 urte betetzen dituen Jazzber-ren nondik norakoak gaur egindako prentsaurrekoan. Horrela, eskualdean egiten den jazzaldi bakarraren egitarauaren berri eman dute.
Jazz jaialdia ekainaren 27an, martitzenean, hasiko da Jizz Jazz & Lagunak eskainiko duen kontzertuarekin. Topaketa horrek Jizz Jazz Bermeoko musika eta kultura taldearen 30 urteak ospatu nahi ditu. Gaur egungo taldearen eskutik, 20:30ean Kafe Antzokiko eszenatokian batuko dira azken urteotan taldeko partaide izan diren musikari batzuk.
Ekainaren 28an, eguaztenean, Leo Minax & Mistoquente- ren txanda izango da Kafe Antzokian 20:30ean. Soinu akustikoaren, bat-batekotasunaren eta askatasunaren aldeko apustua egiten du Madrilen bizi den abeslari brasildar horrek. Bere sentiberatasuna islatzen du bere sei diskoetan, eta “Trinta” izeneko azken lana aurkeztuko digu Jazzberren.
Freejazz, esperimental, heavy-metal, rock eta erritmo korapilatsua erakutsiko ditu Malstrom taldeak ekainaren 29an, eguenean. Talde hori estilistikoki sailkatzea zaila da, ez baita bat ere ohikoa. Gitarrak, saxofoiak eta bateriak osatzen dute Malstrom taldea, eta gaur eguneko jazzaren aukerei buruzko ikuspegi indartsua eskaintzen du.
Claudio Jr de Rosa Jazz 4tet-ek eskainiko du jazzaldiaren azken kontzertua ekainaren 30ean, ostiralean, Kafe Antzokian 20:30ean. De Rosa musikagile, moldatzaile eta saxofonistak hainbat sari internazional irabazi ditu. 2016an sortu zuen bandarekin, Bermeon berak sorturiko doinuak eta baita estandarrak ere eskainiko ditu.
Aingeru Astuik eta Joseba Verdesek gogoratu dutenez, Jazzber eskualdean ospatzen den jazz jaialdi bakarra da eta bere helburuak dira, besteak beste, Busturialdean jazz musika zaletasuna eta ezagutza bultzatu, jazz mundua herrira hurbildu eta jazz musikaren joera berrienak ezagutu.
Horrela, euren esanetan, jaialdi honek, Bermeo eta inguruko herrietako jazz musika zaletuei eta musika zaleei orokorrean, kontzertuekin gozatzeko eta jazz estiloa hobeto ezagutzeko aukera ematen die. Hori dela eta, Astuik eta Verdesek pertsona guztiak XX. Jazzber honetan parte hartzera eta kontzertuekin disfrutatzera gonbidatu nahi izan ditu. Jazzber jaialdia Bermeoko Udalak, Jizz-Jazz Kultur Taldearekin batera antolatzen du. Laguntzaileak Bizkaiko Foru Aldundia, Oizmendi Telebista eta Itsuki Irratia dira.
010 (94 617 91 00)