Albisteak

Albistea

Bermeoko Udalak gaurko sutea itzaltzeko eta bideratzeko lanetan parte hartu duten langile eta boluntario guztien lana eskertu du

Gaur goizean Artike Bideko 9. Zenbakiko 4. solairuan piztu den sutea itzaltzeko eta bideratzeko lanetan parte hartu duten langile eta boluntario guztien lana goraipatu du Bermeoko alkate Nadia Nemeh Somalyk, eta egindako “lan izugarriagatik” horiei guztiei eskerrak eman dizkie.

08:05 aldera piztu da sua. Bermeoko udaltzainak izan dira lekura lehenengoak iritsi direnak, eta eraikina husteaz arduratu dira hango bizilagun biren laguntzarekin. Herri Babesako boluntarioak ere laster iritsi dira gunera. Horiez gain,  Arratzuko eta Erandioko suhiltzaileak, Ertzaintza, hainbat anbulantzia eta larrialdi zerbitzuen helikoptero bat ere bertaratu dira. Gurutze Gorria eta Bermeoko zerbitzuetako eta Gizarte Ongizate Saileko langileak ere bertan egon dira, kaltetuei lehen arreta eman eta horien egoerak ezagutu eta irtenbideak bilatzeko.

Udal ordezkariek bertatik bertara jarraitu dituzte sua amatatzeko lanak, eta alkateak adierazi du kaltetuek udalaren babes osoa daukatela: “Lehen momentutik eurekin harremanetan jarri gara, eta euren beharrizanak zeintzuk diren aztertzen ibili gara; izan ere, euretako asko ezer gabe atera dira etxetik. Kaltetu gehienek badute nora jo, gehienak senideen etxeetara joan dira, eta non egon ez daukatenentzat laguntza bideratu dugu”.

13:15 aldera, azken ikuskaritzak egin ostean, eraikineko bizilagun guztiek euren etxebizitzetara sartzeko aukera eduki dute. 4. eta 5. solairuak guztiz kaltetuta daude, eta oraingoz, ezingo dute etxebizitzetan geratu. Bai bueltatu ahalko dira, berriz, lehenengo, bigarren eta hirugarren solairuetako bizilagunak.

Sutearen eraginez, hiru zauritu egon dira, eta ospitalera eroan dituzte; bat 2. mailako erredurekin besoetan eta beste biak kea arnasteagatik.

14 / 05 / 2024

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0