Albistea
-Gaur goizean egin den ekitaldi instituzionalean Juan Azkarate Araukua itsas-gudariak protagonismo berezia izan du bere 100. urtebetetze egunean eta gudari eta miliziano bermeotarrak omentzen dituen plaka desestali du Udaletxeko fatxadan
-“Erakunde modura horrelako omenaldi bat zor genien eta lortu dugu egitea”, adierazi du Bermeoko alkate Aritz Abaroak
Bermeon, 2022ko ekainaren 18an.- Bermeoko herriak autogobernuaren, demokraziaren eta askatasunaren alde borroka egin zuten miliziano eta gudari bermeotarrak omendu ditu gaur goizean Goiko Plazan egin den ekitaldi instituzionalean. Ekitaldian parte hartu dute, besteak beste: Iñigo Urkullu Lehendakariak, Bermeoko alkate Aritz Abaroak, Josu Erkoreka Lehendakari ordeak, Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakari Ana Otaduik, Matxitxako Elkarteko presidente Xabier Olabeagak, Gogora Institutuko zuzendari Aintzane Ezenarrok eta Juan Azkarate Araukua itsas-gudariak. Ekimen hau Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren laguntzarekin antolatu da.
Ekitaldi hunkigarri honetan Juan Azkaratek protagonismo berezia izan du bere 100. urtebetetze egunean eta gudari eta miliziano bermeotarrak omentzen dituen plaka desestali du Bermeoko udaletxeko fatxadan. “Erakunde modura horrelako omenaldi bat zor genien eta lortu dugu egitea”, adierazi du Bermeoko alkate Aritz Abaroak.
Eta gehitu du: “esaten dute denborak zauri guztiak sendatzen dituela, baina aitortu egin behar dugu denborari berari ere, denborak markatu behar dizkiogula. Sendatze prozesua ezin daiteke ahanzturaren eta itxitasunaren prozesu bihurtu. Zauriak justiziak eta aitortzak soilik sendatzen ditu eta, besteak beste, instituzioei dagokigu horretan lan egitea. Arrazoi horrek elkartu gaitu gaur, hain zuzen ere”.
Gaur goizeko ekitaldia ikurriñaren altxaerarekin hasi da, Bermeoko Txistulariek Eusko Abendaren Ereserkia jo duten bitartean. Ondoren, Iñigo Urkullu Lehendakariak, Bermeoko alkate Aritz Abaroak eta Juan Azkaratek aipatu plaka desestali dute eta Bermeoko Alkartasuna Dantza Taldeko kideek ohorezko aurreskua dantzatu dute. Plaka desestalita, Juan Azkarateri oroigarriak eman dizkiote Bermeoko alkate Aritz Abaroak, Matxitxako Elkarteko zuzendari Xabier Olabeagak eta Lehendakari orde Josu Erkorekak. Alkate eta Lehendakariaren hitzak entzun ostean, ekitaldiari amaiera emateko Bermeoko Abesbatzak ‘Eusko Gudariak’ abestu du.
“Gure herriaren haritzak tinko irauteko, sustraiak sakon eta sendo errotu behar ditu. Bide horretan memoriaren lantzea behar beharrezkoa da gure historia ezagutzeko… Bai, halaxe da, baina argi izan behar dugu memoria are beharrezkoagoa dela etorkizuna bide egokitik eraiki ahal izateko. Izan zirelako gara eta garelako izango dira”, esan du Abaroak.
“Asko eta asko izan ziran autogobernuaren eta askatasunaren defentsan euren bizia emateko prest agertu ziran bermeotarrak. Azpimarragarria da guztiak, ideologia politiko desberdinen gainetik, helburu amankomunek elkartu zituztela: herriaren defentsak, legalki eratutako instituzioen defentsak eta herritarren askatasunaren defentsak… hau da, demokraziaren defentsak”, jarraitu du.
“Gertakari gogoangarriak bizi izan ziren Bermeon eta inguruetan. Ezin ahaztu ditzakegu, adibidez, 1937ko martxoaren 5ean Matxitxako inguruan libratu zan itsas-bataila epikoa, baina ezta ere urte bereko maiatzaren 6 eta 14 bitartean Sollube mendian bizi izan zena. Matxitxako eta Sollube beti izan dira bi ikur esanguratsu bermeotarrontzako, baina historiak eta memoriak erakusten digute gure askatasunaren eta defentsaren historian ere ikur garrantzitsuak direla. Ikur horiek, ordea, ez lirateke ezer izango bertan egon ziren gudari eta miliziano barik bakoitzak bere historia daukalako eta guztien artean geure historia idatzi dutelako”, adierazi du Abaroak.
“Gure asaben konpromiso eta balentria goraipatu eta duintasun osoz defendatu zituzten baloreak eta demokrazia defendatzen jarraitzeko elkartu gara gaur eta azken ideia hau azpimarratu egin nahiko nuke, izan ere, esan liteke demokrazia hor betidanik egon den zerbait dela, baina ez da horrela; demokrazia giza-eskubide eta baloreetan oinarriturik, gizarte oso baten esfortzu, izerdi eta odolarekin sortu behar izan den sistema da, eta argi izan behar dugu, ahula dela denon konpromisorik ez badago”.
“Geuri dagokigu memoria lantzea, gure aurrekoek zabaldutako bidetik jarraitzea zauriak aitortzaz eta justiziaz sendatuz. J. Artzek esaten zuen bezala “iturri zaharretik edaten dut, ur berria edaten, beti berri den ura, betiko iturri zaharretik””, amaitu du.
Juan Azkarateren biografia
Juan Azkarate Bermeon jaio zen 1922ko ekainaren 18an, familia ugari batean (11 neba-arreba izan ziren guztira). Herriko eskolan ikasi zuen eta, garai hartako bermeotar askok bezala, gazte-gaztetatik hasi zen itsasoan lanean. 11 urterekin hasi zen, bizitza osorako markatuko zuen gertaera tragiko batekin bat etorrita: amaren galera. Mundakako kostaldearen aurrean itota hil zen Gernikatik itsasontzian bueltan zetorrela.
Itsasoan 3 urte baino gehitxoago lan egin ostean, Juan Azkarate eta bere lehengusua Euzko Itsas Gudarosteko lerroetan sartu ziren, euren esperientziari esker. 14 urte baino ez zituen. Lehengusuak, 16. Eusko Jaurlaritza engainatu behar izan zuen, izan ere, ez zituzten 16 urtetik beherakoak onartzen Gudarosteko lerroetan. Baina berak dioen bezala: “Egin behar zan. Beti aurrera!”. Naturaltasun eta konbentzimendu osoz egin zuen, eginbeharrak horretara deitu izan balio bezala.
Inoiz ez zen borrokan aritu; izan ere, “Araba” itsasontzia amarratuta egon zen Juanek Gudari lez egin zuen egonaldian. Ziurrenez, horrek bizia salbatu zion. Maitasunez gogoratzen du Agirre lehendakariarekin Bartzelonan izandako anekdota bat, gerra garaian Eusko Jaurlaritzaren Ordezkaritzaren egoitza egon zen lekuan.
Gracia Pasealekuan zegoela, Agirrek galdetu zion ea zerbait ikasi gura zuen Kataluniako hiriburuan. Irribarre egin zuen, sorbaldak jaso eta gogorarazi zion ez zeukala goi-mailako ikasketak egiteko adina ezagutzarik, 11 urte baino ez zituela hasi zela lanean. Azkaratek bere seme-alabei (4 guztira) gogorarazten die bertan, Bartzelonako erdigunean, plaka bat jarri zela Eusko Jaurlaritzaren Ordezkaritza bertan egon zela gogorarazteko eta hara joaten diren bakoitzean bisita dezatela eskatzen die.
19 urterekin aita galdu zuen eta hiru urte geroago ezkondu egin zen. Gerra ostean, itsasoari lotuta jarraitu zuen. Makinista bihurtzeko ikasketak egin zituen, eta, geroago, beste bermeotar batzuekin batera, arrasteontziak, baxurako itsasontziak eta, azkenik, Afrikako arrantzalekuetan arrantzatzen zuten atunontzi izozkailuak erostera ausartu zen. Azken ontzi horiek erosi zituztenean, lehorrean geratu zen ikuskatzaile eta bazkide lez. “Nire aita beti egon da birabarkian gora eta birabarkian behera. Baita armadore izan zenean ere. Bizitza osoan lan asko eta asko egin zuen eta beti itsasoari lotuta egon zen”, gogoratzen du maitasun handiz Agurtzane alabak.
Juan Azkaratek 3 alaba eta seme bat ditu, 10 biloba eta beste horrenbeste birbiloba, eta asko maite ditu. Zer moduz zaude? Galdetzen dioten bakoitzean, hau erantzuten du: “primeran, ‘tertzerako’ billetearekin” umorea galdu barik.
010 (94 617 91 00)