Albisteak

Albistea

Aldapeko Ahuntz Esnekiak eta Nagusialde, Busturialdeko III. Enpresa Ideia Lehiaketaren saridunak

 

Bermeoko eta Gernika-Lumoko Udaletako Gazteria Zerbitzuek eta Urremendi Landa Garapen Elkarteak antolatzen duten Busturialdeko III. Enpresa Ideia Lehiaketak baditu irabazleak. Maddi Amezaga Arriagak eskuratu du lehen saria, 3.000 eurokoa, ’Aldapeko Ahuntz Esnekiak’ izeneko ideiarekin. Bigarren saria, aldiz, Legendika Zuazua Romero gernikarrak lortu du ‘Nagusialde’ ideiarekin.

Lehen sektorearekin lotutako sariari dagokionez, saria eman gabe geratu da. Busturialdeko III. Enpresa Ideia Lehiaketaren sari banaketa ekitaldia burutu da gaur eguerdian Mundakako Tribisarrospe eraikinean. Aldapeko Ahuntz Esnekiak izeneko ideiak jaso du 3.000 euroko lehen saria eta Nagusialde ideiarentzat izan da bigarren saria, 2.000 eurokoa. Aurten ez da emon lehenengo sektoreari lotutako saririk, izan ere, ideia irabazlea lehen sektore horretakoa da.

Guztira, 7 izan dira eskualdeko ekintzaile gazteek aurkeztu dituzten enpresa ideiak. Lehenengo saria jaso duen Aldapeko Ahuntz Esnekiak Guadarrama arrazako ahuntz-esneki ekologikoak ekoiztea du helburu: antxumea, jogurta, esnekiak eta gazta, hain zuzen ere. Ideiaren sortzailea, Maddi Amezaga Arriaga (Errigoiti, 1996) da. Maddi Amezaga Nekazaritza eta Abeltzaintza Ekologikoan teknikaria da.

Bigarren saria jaso duen Nagusialde proiektuaren helburua dementziadun pertsona nagusien bizi-kalitatea hobetzea da Busturialdeko eskualdean, arlo kognitiboa, emozionala, konduktuala eta soziala landuz etxez-etxeko arreta psikologikoa emanez.

Legendika Zuazua Romero (Gernika, 1991) gazte gernikarra da ideiaren sortzailea. Psikologian graduatua, Osasun Psikologia Orokorreko masterra, Neuropsikologian aditua graduondokoa eta Psikogerontologian Espezialista Graduondokoa.

Guztira, 5.000 euro banatu dira sarietan, negozio ideiok martxan jartzen laguntzeko, lehiaketaren helburuetako bat, beti ere, eskualdean lanpostu berrien sorrera bermatzea delarik.

Maitane Leizaola, BFAko Bizkaiko Behatokiko Zuzendari Nagusiak; Benito Ibarrolaza, Bermeoko Udaleko alkateordeak; Lourdes San Severino, GernikaLumoko Udaleko Gazteria zinegotziak eta Urremendi Landa Garapen Elkarteko presidenteak eta Arratzuko Alkateak, Josu Sabin Olano, parte hartu dute sari banaketan, besteak beste.

Busturialdeko III. Enpresa Ideia Lehiaketa Urremendi Landa Garapen Elkarteak batzen dituen Arratzu, Ereño, Forua, Gautegiz-Arteaga, Kortezubi, Mendata, Morga, Mundaka eta Sukarrietako udalek eta Bermeoko eta Gernika-Lumoko udaletako Gazteria Zerbitzuek jarri dute martxan hirugarren urtez jarraian. Bere helburuak, beste batzuen artean, ekintzailetza kultura hedatzea, Busturialdean lana eta aberastasuna sortzea eta eskualdeko ekonomia sustatzea dira.

Lehiaketa, Bizkaiko Foru Aldundiaren ‘Gaztedi Busturialdea’ proiektuan kokatzen da, ‘Lana bilatzea, Lana da’ programaren barne. Epaimahaia honako hauek osatu dute: - Bermeoko Udaleko ordezkaria: Begoña Landa Torre. - Gernika-Lumoko Udaleko ordezkaria: Joseba Irazabal Obieta. - Urremendi LGEko ordezkaria: Joseba Mallea Lamikiz. - HAZIko ordezkaria: Amaia Igarzabal Deba. - Barrutialde BHIko ordezkaria: Enekoitz Urtusagasti García.

Baloratzerako orduan, honako irizpide hauek kontuan hartu dira: berritzaile izaera, balio erantsia eskaintzea edota originaltasuna; enplegua sortzeko duen potentzialitatea eta sortutako lanpostuen kalitatea; ekintzaile taldeak proiektua aurrera eramateko duen gaitasuna; Busturialdeko eskualdean proiektu hori aurrera eramateko aukera egotea edo eskualde honetan proiektu horrek duen egokitzapena; proiektuaren definizio-garapen maila; proiektuaren jasangarritasuna (ekonomikoki eta ingurugiroarekin) eta duen gizarte-eragina. 

16 / 12 / 2016

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0