Albisteak

Albistea

Bermeoko Udalak merkataritza eta ostalaritza establezimenduetara bideratutako bonuen kanpaina abiaraziko du azaroaren 22tik abenduaren 18ra bitartean

-Kanpaina honen helburua da tokiko kontsumoa bultzatzea eta merkataritza sustatzea

-Parte hartu nahi duten establezimenduek gaurtik aurrera eman ahal izango dute izena. Azken eguna azaroaren 12a izango da

Bermeon, 2021eko urriaren 26an.-  Bermeoko Udalak bonuen kanpaina berria jarriko du martxan azaroaren 22tik abenduaren 18ra bitartean. Honela, egitasmo honen helburua da tokiko kontsumoa bultzatzea eta merkataritza sustatzea eta, horretarako, 5.167 bonu jarriko dira herritarren eskura. Parte hartu nahi duten establezimenduek gaurtik azaroaren 12ra bitartean eman ahalko dute izena.

“Aurreko urteetan izan duen arrakasta ikusita eta tokiko kontsumoa bultzatzea gure helburuetako bat izanik, aurten ere bonuen kanpaina martxan jartzea erabaki dugu. Azaroaren 22tik abenduaren 18ra bitartean eskuratu ahal izango dira eta uste dugu bermeotarrek beti bezala oso ondo erantzungo dutela. Herriko merkataritza eta ostalaritza establezimenduei izena emateko deia luzatzen diegu udaletik”, adierazi du Bermeoko Turismo eta Merkataritza zinegotzi Kepa Zumetak.

Honela, bi bonu mota kaleratuko dira: merkataritza establezimenduetara bideratutakoak eta ostalaritzan erabili ahal izango direnak. Hori bai, herritar bakoitzak, gehienez ere, bakoitzetik 4 deskontu bonu erosteko aukera izango du. Herriko merkataritza establezimenduetan erabiltzeko bonu bakarra jarriko da salgai: 15 eurokoa. Herritarrak, hau erositakoan, 20 euroko gastu ahalmena izango du eta ezin izango ditu inoiz ere bi bonu baino gehiago batera erabili erosketa bat egiten duenean.
Bestalde, ostalaritza establezimenduetarako 3 bonu mota jarriko dira eskuragarri: 4, 10 eta 20 eurokoak, hain zuzen ere. Hauek eskuratutakoan, kontsumitzaileak, 6, 15 eta 30 euroko gastua egiteko ahalmena izango du, hurrenez hurren. Hemen ere, aurrekoetan bezala, bi bonu erabili ahal izango dira erosketa bakoitzean baina aukera hau egiten bada erabiltzaileak bi bonu mota berdin erabili beharko ditu derrigorrez. Hau da, ezingo ditu kantitate ezberdineko bonuak nahastu.

26 / 10 / 2021

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0