Albistea
Idurre Bidegurenek, Bermeoko alkateak, adierazi duenez, Bermeok aurten ere, turismoari dagokionez, “oso datu onak” izan ditu, “erronka udako datuei eustea izan da eta negukoak hobetzea, hau da, udako estazionalidadea murriztea, eta, zalantza barik, lortu dugu”. Uztailean eta abuztuan datuak egonkortu dira eta beste hilabeteetan gorantz egin dute, eta aurten Bermeoko Turismo Bulegotik iaz baino 2.718 pertsona gehiago jaso ditugu, hau da, %8 gehiago. “Datu hau oso positiboa da, kontuan hartuta azken urteetan turismoan izan ditugun gorakadak”, gaineratu du.
Horren berri eman dute gaur prentsaurrekoan Idurre Bidegurenek, Bermeoko alkateak, Bego Gangoitik, Turismo Bulegoko arduradunak, eta José Ignacio Maurik, San Juaneko Batzordeko ordezkariak. Bidegurenek nabarmendu duenez, bisitariak “Bermeon denboraldi luzeagoak igarotzen hasi dira, izan ere, Bermeora lau-bost egun igarotzera etorri diren turista kopurua gehitu egin da”.
Bermeoko Turismo Bulegoaren bisitarien perfilari dagokionez, beti bezala gehien bisitatzen gaituztenak katalanak, madrildarrak eta frantsesak izan direla adierazi du, eta Gaztelugatxeren kasuan, nazioarteko bisitari gehiago hartzen ditugu.
Gangoitik azaldu duenez, azken urteetan aldakuntza bat daukagu turismo bulegoko bezeroetan; gure inguruari buruzko informazio askorekin datoz, baina, era berean, aholkularitza pertsonalizatu bat nahi dute, eta bakoitzarekin igarotzen den denbora gero eta luzeagoa da. Turistek gehien eskatzen duten informazioa honakoa da: Gaztelugatxe, oinezko ibilbideak, itsasoko ibilbideak eta Bermeoko baliabide turistiko guztiak.
Gaztelugatxeko San Juan
Bermeoko Udalak eta San Juaneko Batzordeak elkarlanean ekimen berri bat martxan jarri dute uda honetan; izan ere, uztailaren 1etik abuztuaren 31ra, Gaztelugatxeko San Juaneko ermita ireki eta informazio zerbitzua eta bisita gidatuak eskaini dituzte euskeraz eta erdaraz, eta dohainik. Ekimen horiek oso harrera ona izan dute erabiltzaileen artean, 29.382, hain zuzen ere, eta oso ondo baloratu dituzte jasotako zerbitzuak.
Bidegurenek azaldu duenez, bisita gidatuek “Gaztelugatxeko San Juan, bere historia eta istorioak, berarekin lotuta dauden tradizio, jaiak eta ohiturak, bere ingurumen balio izugarria eta itsasoarekin, arrantzaleekin eta Bermeorekin duen lotura ezagutzeko aukera paregabea eskaini dizkie inguruko zein kanpotik etorri diren bisitariei”.
Bisita gidatu horiek egiteko bi gidari bermeotar kontratatu dira eta horiek honako gaiak landu dituzte: ingurumenaren garrantzia gune honetan, Matxitxakoko berezitasunak, Matxitxakoko guda, bermeotarren usadio, sinesmen eta ohiturak, ermitaren eta San Juaneko batzordearen istorioa…
“Bisitariek orokorrean oso interesgarritzat hartu dituzte bisitak; izan ere, Bermeoko Gaztelugatxeko San Juanen historia ezagutzeko aukera paregabea izan dute”, adierazi dute.
Horrez gain, Hegaluze itsasontziak Gaztelugatxe itsasoz bisitatzeko aukera ere eskaini duela gogoratu dute eta uztailean eta abuztuan 2.000 pertsona inguruk horrela egin dutela adierazi dute. Gainera, aurten zerbitzu hori indartu dute kalitatezko eskaintza zabalagoa eskaini ahal izateko.
Bestalde, Gangoitik gogoratu duenez, Gaztelugatxe inguruan trafikoa arazoak saihesteko, Bermeoko turismo bulegotik beti gomendatu dugu “jendeari autobusez joatea eta, kotxez joan ezkero, goizeko lehenengo orduan edo iluntzeko azkenengoan”; izan ere, “turismo jasangarria bultzatzea ezinbestekoa da ingurua ondo zaindu ahal izateko”.
Ildo horretan, Bidegurenek eta Gangoitik “Bizkaiko Foru Aldundiak martxan jarritako erreserba sistema ontzat” jo dute, baina, “hori ez dela nahikoa” zehaztu dute. Ildo horretan, bisita lasaiagoa egiteko eta masifikazioak saihesteko “Bermeon aparkaleku disuasorio eta garraio publikoaren apustu garbia egin behar dela gaineratu dute.
Bestalde, euren esanetan, Bizkaiko Foru Aldundiko webguneak “ez du kontuan hartu Gaztelugatxeren identitatea eta bermeotarrok hori zuzendu beharra aldarrikatzen dugu”. “Turismo jasangarria ezin da ulertu aipatutakoa kontuan hartzen ez bada”, gaineratu du.
Ostatuak, jatetxeak eta turismo aktiboa
Bermeoko ostatuei dagokienez, udan zehar okupazio maila oso altua izan dutela adierazi du Gangoitik, ia egunero beteta egon baitira, eta asteburuetan beteta egon dira Bermeokoak eta ingurukoak ere bai. Tabernek eta jatetxeek ere uda oso ona izan dutela baloratu dute eta aurten martxan jarritako Bermeo Tuna Pintxo Tour-ek ere harrera oso ona izan du bisitarien artean.
Turismo aktiboaren kasuan, harrera ona izan du, nahiz eta uztailean, euria dela eta, eskaintza apur bat murriztu behar izan dute. Horrez gain, autokarabanei dagokienez, eskaria gorantz doa eta Bermeok duen eskaintza kontuan hartuta erronka bat dugu zerbitzu hori handitzeko eta hobetzeko.
Bestalde, nabarmendu dutenez, Aita Guria baleontzia asetasun handienetarikoa izan duen Bermeoko errekurtso turistikoa da. Uda honetan zehar bisitari asko izan ditu, uztailean eta abuztuan 1.517, hain zuzen ere. Azpimarratzekoa da Victoria itsasontzia Bermeon izan genuenean, interesa piztu zuela Aita Guria baleontzia bisitatzeko eta jende askorentzako sorpresa bat izan da Aita Guria eskainitako kalitatezko zerbitzua.
Lanean jarraitu
Bidegurenen esanetan, “datuak onak izan diren arren, lanean jarraitu behar dugu jasangarritasuna lantzen”. “Gure erronka turismoa urtean zehar izatea da, ez soilik udan. Horrez gain, erakunde, enpresa eta herritarren arteko elkarlana lortzea garrantzitsua da eta turismo eskaintza zabaltzea eta hobetzea, negozio berriak sortuz, zerbitzuak hobetuz, aparkalekuen eskaintza handituz, auto-karabanen zerbitzua handituz, itsas ondarea balioan jarriz edota seinaleztapena hobetuz”, azpimarratu du.
“Horretan ari gara lanean”, gaineratu du. Esate baterako, aurten San Juaneko batzordearekin batera Gaztelugatxeko San Juaneko ermitan informazio puntua eta bisita gidatuak eskaini ditugu, turismoaren webgune berria egin dugu bizibermeo.eus eta Bermeoko ondare arkitektonikoa erakusten duen bideo orijinala ere egin dugu, besteak beste.
Ildo berean, adierazi duenez, “ekimen kulturalen programa zabala eskaintzen saiatzen gara urtero Euskal Herriko bisitariak Bermeora erakartzeko (Musika astea, Jazzaldia, Mareak, Bermistorian, jai ezberdinak…)”.
Azkenez, turismoa bultzatzen jarraituko dutela eta horretarako gune estrategikoak Bermeoko Portua, Gaztelugatxeko San Juan eta Alde Zaharra direla azpimarratu du Bermeoko alkateak. “Turismoa baliabide ekonomiko interesgarria da, beraz, politika publikoetatik bultzatu beharrekoa. Turismo eredu jasangarria bultzatu nahi dugu, gure ingurua eta ondarea zaintzen duena eta, ere berean, aberastasuna sortzen duena. Natura, tradizioa eta identitatea elkartzen saiatzen ari gara”, azpimarratu du Bermeoko alkateak.
010 (94 617 91 00)