Albisteak

Albistea

Minbiziaren prebentzioan atunaren onurak ikertzeko kanpaina solidarioa abiarazi du Bermeo Tuna World Capital-ek

• #Bermeotunaminbiziarenaurka kanpaina Bermeoko Arrain Azokaren protagonista garrantzitsua izango da ikerketa eta elkartasuna ardatz izanik

• #Bermeotunaminbiziarenaurka kanpaina maiatzaren 9tik 20ra izango da eta parte hartu nahi dutenek argazki bat igo behar dute atuna jaten Instagram, Facebook edo Twitterrera.

• Argazki bakoitzagatik BTWC-ek euro bat bideratuko du Minbiziaren Aurkako Elkartera, minbiziaren prebentzioan atunaren onurak ikertzeko.

• Ikerketa Bizkaiko CIC Biogune-Ciberehd zentroak egingo du eta atunaren kontsumoak gibeleko minbiziaren prebentzioan dituen onurak aztertuko ditu.

 

Minbiziaren prebentzioan atunaren onurak ikertzeko elkartasun kanpaina bat abiarazi du Bermeo Tuna World Capital ekimenak, Bermeoko Arrain Azoka elkartearen laguntzarekin. Parte hartu nahi duten pertsonek atuna jaten argazki bat egin behar dute eta sare sozialetara igo (instagram, facebook edo twitterrera) #Bermeotunaminbiziarenaurka edota #Bermeotunacontraelcáncer hashtag-arekin.

Igotako argazki bakoitzagatik BTWC-ek euro bat bideratuko du Minbiziaren Aurkako Elkartera, Bizkaiko CIC Biogune-Ciberehd zentroak atunaren kontsumoak gibeleko minbiziaren prebentzioan dituen onurak aztertzeko egingo duen ikerketa finantzatzeko.

#Bermeotunaminbiziarenaurka #Bermeotunacontraelcáncer kanpaina solidarioa gaurtik, maiatzaren 9tik, maiatzaren 20ra arte izango da eta atuna, ikerketa eta elkartasuna ardatz duen ekimen hau Bermeoko Arrain Azokaren protagonista garrantzitsua bilakatuko da maiatzaren 17, 18 eta 19an; izan ere, bertan Minbiziaren Aurkako Elkartea eta CIC Biogune zentroa stand batean egongo dira, euren lanaren berri emateko eta ikerketa honek duen garrantzia azaltzeko. Horrez gain, era ludiko batean jendeak atuna jaten argazkiak ateratzeko photocall-ak izango dituzte arrain azokaren hainbat eszenatokitan, besteak beste, Kofradia Zaharreko elkartasun gunean eta pintxoak jateko gunean.

Guzti horren berri eman dute gaur prentsaurrekoan Bittor Orozek, BTWCeko presidenteak; Idurre Bidegurenek, Bermeoko alkateak eta Arrain Azoka elkarteko presidenteak; Gabriel María Otalorak, Bizkaiako Minbiziaren Aurkako Elkarteko gerenteak; Malu Martinez Chantarrek CIC bioGUNEk-Ciberehd Liver Disease laborategiaren zuzendariak, eta Alfonso Martínez eta Iker Oyenartek Liver Disease ikertzaileak CIC bioGUNEn.

Bertan azaldu dutenez, kanpaina hau gaur bertan, maiatzaren 9an, hasten da eta maiatzaren 20ra arte luzatuko da; hortaz, “minbiziari aurre egiteko ikerketari babesa eman nahi diotenek jadanik egin ahal dute, era oso erraz batean gainera: atuna jaten argazki bat egin eta facebook, instagram edota twitterrra igo”.

Argazki bakoitzagatik BTWC ekimenak euro bat emango dio Minbiziaren Aurkako elkarteari eta lortutako dirua CIC Biogunek atunaren kontsumoak gibeleko minbiziaren prebentzioan dituen onurak aztertzeko egingo duen ikerketara zuzenduko da. Proiektu hori María Luz Martínez Chantar doktorearen laborategian garatuko da, Bizkaiko CIC Biogune ikerketa zentroan, hain zuzen ere.

Omega3

Ikerketa honen helburu nagusia da Omega3 gantz azidoek, gibel minbizi modelo preklinikoetan dituzten efektu onuragarriak ebaluatzea. Ildo honetan, azaldu dutenez asko dira atunaren onurak osasunarentzat: atunak Omega3 asko du, antioxidatzaile indartsua da eta memoria eta ikusmena hobetzen ditu. Gainera, gehiegizko pisua eta obesitatea erregulatzen ditu, horregatik osasuntsu bizitzen laguntzen du eta arazo kardiobaskularrak izateko arriskua txikitzen du.

Era berean, atuna janda gibeleko minbizia izateko arriskua txikitu egiten dela adierazi dute. Horregatik, #Bermeotunaminbiziarenaurka #Bermeotunacontraelcáncer elkartasun egitasmoaren garrantzia nabarmendu dute. Gainera, kontuan izan behar da gibeleko minbizia munduan gehien dagoen seigarren minbizi mota dela eta estatuan urtero 3.000 laguni aurkitzen zaion minbizia dela. Munduan gaixotasun honek eragiten dituen heriotzetatik, gibeleko hau da heriotza gehien eragiten duen bigarren minbizi mota.

“Hortaz, pertsona guztiak animatu nahi ditugu gaurtik eta maiatzaren 20ra atuna jaten argazkia ateratzera eta #Bermeotunaminbiziarenaurka #Bermeotunacontraelcáncer hashtag-arekin sare sozialetara igotzera, atunaren kontsumoak gibelaren minbiziaren prebentzioan dituen onurak aztertzeko egingo duen ikerketa lagunduko duelako”, azpimarratu dute. Era berean, pertsona guztiak “25. Urteurrena betetzen duen Bermeoko Arrain Azokara animatu dituzte maiatzaren 17, 18 eta 19an bertan atunarekin, elkartasunarekin eta jasangarritasunarekin gozatzeko aukera izugarria izango dutelako”.

 

09 / 05 / 2019

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0