Albistea
-Aurrekontuan bermeotarrek prozesu parte hartzailean egindako proposamenak jasotzen dira
-Bermeoko alkate Aritz Abaroa: “uste dugu aurrekontu honek bizi dugun egoerari eta Bermeoren eta bermeotarren egungo beharrizanei erantzun egokia ematen diela”
Bermeon, 2021eko abenduaren 10ean.- Bermeoko Udalak 23.912.052,72 euroko aurrekontu bateratua (Udala eta Beruala) onartu du gaur goizean egin den Osoko Bilkuran. Aurrekontuak EAJ/PNV-ren aldeko botoak izan ditu eta EH Bilduren eta Guzan-en kontrakoak. Aipatzekoa da 2022rako aurrekontuak bermeotarrek prozesu parte hartzailean egindako hainbat proposamen jasotzen dituela.
“Aurrekontu hau Udal Gobernu honek legealdi hasieran identifikatu zituen hiru ardatz estrategikoetara ekartzen badugu, ‘ Bermeotarren bizi-kalitatea’ hobetzera 15.253.146,22 euro (%64) bideratuko ditugu, ‘Aberastasuna eta jarduera ekonomikoa sustatzera’ 1.144.119,90 euro (%5) eta ‘Gure nortasuna balioan jartzera eta kudeaketa arduratsura’ 7.514.786,60 euro (%31)”, esan du Bermeoko alkate Aritz Abaroak.
Eta gehitu du: “gainera, oso gai garrantzitsuetan igoera nabarmenak egingo dira: nagusi eta beharrizan gehien duten pertsonei zuzenduriko zerbitzuetara bideraturiko errekurtsoetan %4,9, kultura eta aisialdi ekimenak sustatzekoetan %22 eta Bermeoko sektore ekonomikoak dinamizatu eta berraktibatzekoetan %8,4. Uste dugu aurrekontu honek bizi dugun egoerari eta Bermeoren eta bermeotarren egungo beharrizanei erantzun egokia ematen diela. Bestalde, ekarpenak egin dituzten taldeen ekarpenak islatzen saiatu gara. Portzentaje handi batean hor daude eta uste dugu aurrekontua hobetu dutela”.
Diru sarrerei dagokienez, herritarrek ordaintzen dituzten zerga eta tasekin 10.565.199,01 euro bilduko dira (%44). Beste erakunde batzuetatik (Bizkaiko Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza) 13.283.365,61 euro jasoko dira (%56) eta ondare sarreretatik (alokairuak, interesak…) 63.488,10 euro.
Gastuei dagokienez, pertsonal gastuetara 14.749.713,74 euro (%61,68) bideratuko dira, eguneroko gastuetara (argia, ura, zerbitzu kontratuak… ordaintzera) 6.920.542,12 euro (%28,94), herritarrei eta taldeei bideratuko zaizkien diru laguntzetara 765.837,65 euro (%3,2), zorra kitatzera 676.737,33 euro (%2,83) eta inbertsioetara 799.221,88 euro (%3,34).
Pasa den urriaren 25ean Bermeoko Udalak 2022ko aurrekontua garatzeko prozesu parte hartzailearen emaitzak aurkeztu zituen. Prozesu honetan 728 bermeotarrek parte hartu zuten eta bertan jasotako hainbat proposamen 2022ko aurrekontuetan islatu dira. Hauetaz gain, besteak beste, honako ekintza nagusiak jaso dira aurrekontuan:
Mantenu-lanak eta zerbitzu berriak:
o Lameran komun berri bat jarri (42.108 euro)
o Lamerako lurzorua konpondu (100.000 euro)
o Herriko gune ezberdinetan bideak asfaltatu, kaleko altzariak hobetu eta lauzak konpondu (125.000 euro)
o Zarata gutxiago ateratzen duten kale-garbiketarako makina berriak ekarri (150.000 euro)
o Askatasun bidea (Artzatik hasi eta Trake kaleko bidegurutzeraino) egokitu eta edertze proiektua idazteko (15.000 euro)
Aisialdia eta bizimodu osasuntsua:
o San Martinen, Klarisen ondoan, aire zabaleko kirol gunea egin (118.568,88 euro)
o Herri eskoletako patioak bermeotarren aisialdirako gune modura egokitu eta zabaldu (18.000 euro)
o Ume eta gazteen jolasguneak konpondu eta mantendu (25.000 euro)
o Udako liburutegia Aritzatxun martxan jarri (4.700 euro)
Gizarte politikak:
o Bakarrik bizi diren adineko pertsonen laguntzarako eta jarraipenerako programak martxan jarri (22.796,44)
o Adikzio eta menpekotasunen prebentzio programak garatu (41.510 euro)
Gure nortasuna, gure historia:
o Alde zaharreko zenbait orubeetan muralak margotu (34.000 euro)
o Gaztelugatxera ‘lanzadera’k eta bisita gidatuak antolatu (50.000 euro)
o Bermeoko euskara balioan jarri (28.000)
o Udal ondare kulturalaren zaintza eta mantenua (10.000 euro)
Berraktibazio ekonomikoa<u>:</u>
o Lokalbide programa (alde zaharra dinamizatu eta enpresa berriak sortzeko laguntza programa) (36.000 euro)
o
Ostalaritza eta merkataritza dinamizatzeko ekintzak (bonuak, kanpainak…) (64.000 euro)010 (94 617 91 00)