Albisteak

Albistea

Eleizalde Ikastolak jasoko du aurten Bermeoko Arrain Azokako XXI. Hegaluze Saria

 

 

Bermeoko Eleizalde Ikastolak jasoko du Bermeoko XXIII. Arrain Azokaren XXI. Hegaluze Saria “Bermeoko itsas eta arrantza ondarea balioan jartzeagatik eta horren transmisioa belaunaldien artean bermatzeagatik”, epaimahaiak adierazi duenez. Gainera, Eleizalde Ikastolak 50 urte betetzen dituenean ematen zaio Hegaluze Saria. 

Epaimahaiak adierazi duenez, “urte guzti hauetan Eleizalde Ikastolak Bermeoko herriaren alde lan garrantzitsua egin du, gure itsas eta arrantza ondarea balioan jarri eta horren berri eman du eta, betiere, arrantzarekin harreman estua izan du”, gaineratu du. 

Ildo honetan, gogoratu duenez, Eleizalde ikastolak Arrain Azokan egindako lana eta ekarpenak garrantzitsuak izan dira. Arrain Azoka Elkarteko kidea izan da sortu zenetik, orain dela 23 urte. Horrez gain, Arrain Azoka stand erakuslea izan du hainbat urtetan eta, bertan, itsasoa eta arrantzaren mundua erakutsi du era parte-hartzaile batean. 

Ildo horretan, Eleizalde Ikastolak Arrain Azokan hainbat erakusketa eta tailer antolatu ditu arrantzari lotutako lanak eta ogibideak erakusteko (sareginek, itsas korapiloak egiteko tailerra..). Umeei zuzenduta arrainaren ezaugarriak eta arraina garbitzen erakusteko tailerrak ere antolatu ditu eta itsasoari eta arrantzari lotutako hainbat joko didaktiko ere eskaini ditu, besteak beste. Hizkuntza eta herri identitatea ere sustatu ditu hainbat jardueraren bidez. 

“Azken finean, asko izan dira itsas eta arrantza ondarearen transmisioa bermatzeko Bermeoko Eleizalde ikastolak urteetan zehar antolatu dituen ekimenak”, azpimarratu du epaimahaiak. 

Horrez gain, Eleizalde Ikastolak Bermeoko Arrain Azokako pintxo lehiaketa antolatzen du. Orain dela 15 urte hasi zen ikastola Arrain Azokako lehiaketa garrantzitsu hori antolatzen, eta egun pintxo lehiaketaren tabernen ibilbidea ere egiten da, herritarrek zein bisitariek arrainarekin egindako pintxo gozoak dastatzeko. 

Hortaz, Bermeoko itsas eta arrantza ondarea zaindu eta zabaltzeko egindako lan guztiagatik, bere 50. urteurrenean, Eleizalde Ikastolari Hegaluze Saria ematea erabaki du epaimahaiak. 

Hegaluze sariarekin ekintza puntual edo jarraipen profesional bat saritu nahi da, Bermeoren izena zabaldu eta goratu duenari edo herriaren alde lan egin duenari. Hegaluze Saria Itsuki Irratiak antolatzen du Arrain Azoka Elkartearen babesarekin. 

Hegaluze Sariaren ekitaldia Nestor Basterretxea aretoan barikuan, maiatzaren 19an, 12:30ean izango da. XXIII. Bermeoko Arrain Azoka maiatzaren 19, 20 eta 21ean izango da eta  hiru egunetan zehar kontserbak dastatu eta erosteko, jai giroaz gozatzeko eta programa zabal batekin disfrutatzeko aukera egongo da Bermeon.

 

04 / 05 / 2017

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0