Albistea
-Ikus-entzunezko lan honetan arlo desberdinetako Bermeoko hainbat herritarrek parte hartzen dute, mezu ezberdinak zabalduz
-Azken asteotako datu kezkagarriak ikusita, Udalak bideo honen bidez herritarrei kontzientziatzeko mezua helarazi nahi die osasun eta segurtasun neurriak zorrotz betetzearen garrantzia azpimarratuz
Bermeon, 2021eko otsailaren 10ean.- Bermeok datu kezkagarriak ditu duela zenbait astetik hona. Izan ere, hilabete baino gehiago darama alarma gorria egoeran. Datuek ez dute hobera egiten eta, hau dela eta, eta beste zenbait neurriren artean, Bermeoko Udalak herritarren kontzientzia lantzeko bideo bat prestatu du: ‘Denon artean egingo dugu ziaboga’. Ikus-entzunezkoan, adin eta esparru ezberdinetako bermeotarrek parte hartzen dute: gazteek, kultu arloko eragileek, osasun-langileek, tabernariek…
Lan honen helburua argia da: Udalak eskura dituen baliabide guztiak erabiltzea COVID-19aren transmisioa ahalik eta gehien txikitzeko. Honela, bideoko protagonistek mezu ezberdinak bidaltzen dituzte: “izan gaitezen solidarioak”, “egizu gugatik”, “ez bilatu errudunik”, “denon eskuetan dago egoerari aurre egitea”, etab.
“Oso kezkatuta gaude Bermeoko datuekin. Hilabete daramagu alarma gorria egoeran eta datuek ez dute hobera egiten. Gure egunerokoan pandemia honek zer nolako ondorioak dituen argi izan behar dugu: osasun arazoez gain, bermeotar askoren ogibide diren taberna-jatetxeak baldintza ziurgabean lanean egotea, ume eta gazteen aisialdiko guneak mugatuta, kirol aukerak murriztuta, kultur ekintzak antolatzeko zailtasunak, maite ditugun pertsonekin egoteko mugak… Gure esku dagoen guztia egin behar dugu egoera gainditzeko eta hori izan da bideo honen mezu nagusia: denon artean lortuko dugula eta denon konpromisoa beharrezkoa dela egoerari buelta emateko. Seguru nago guztion artean egingo dugula ziaboga”, esan du Bermeoko alkate Aritz Abaroak.
Era berean udalak eskerrak eman nahi dizkie bideo honetan parte hartu duten herritar-eragile guztiei.
Bideoa: https://we.tl/t-HLya7BlG3t
010 (94 617 91 00)