Albisteak

Albistea

Beste urte batez, Bermeoko Udalak Busturialdeko enpresetan kontratazioak sustatzeko laguntzak abiarazi ditu

-Beste urte batez, Bermeoko Behargintzak, Gernikako Lanbide Ekimenak-ekin elkarlanean,  enplegua sortzea eta eskualdeko garapen ekonomikoa sustatzea helburu duen ekimen honekin bat egin du. Guztira, 229.400€ inguru bideratuko dira programa hau abian jartzeko

-Nobedade gisa, aurten, kontratuak mugagabeak izango dira, eta lanaldi osokoak edo partzialekoak izan ahalko dira, gutxienez lanaldiaren %50ean

-Eskaerak otsailaren 28a baino lehen (egun hori barne) aurkeztu beharko dira telematikoki www.bermeo.eus helbidean egoitza elektronikoaren bitartez

Bermeon, 2023ko urtarrilaren 11n.- Bermeoko Udalak bermeotarren eta eskualdeko biztanleen artean enplegua sustatzen eta bultzatzen jarraitzen du. Helburu horren barruan, Behargintzaren bitartez eta Gernikako Lanbide Ekimenak-ekin elkarlanean, Busturialdeko enpresetan kontratazioak sustatzeko dirulaguntza lerro bat jarri du martxan beste behin.

Eskualdeko udalek sustatu eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak diruz lagundutako laguntzak dira, 2022ko urtarrilaren 1etik 2022ko ekainaren 30era bitartean hasitako kontratuetarako, hain zuzen ere. Aurten, nobedade gisa, kontratuak mugagabeak izango dira, eta lanaldi osokoak edo partzialekoak izan ahalko dira, gutxienez  lanaldiaren %50ean.

“Enplegua sustatu eta horrekin batera eskualdeko ekonomiaren garapena ahalbidetzea beti izan da eta izango da gure helburu nagusietako bat, hori dela eta, Bermeoko Udalak bat egin du, beste behin ere, bermeotarren eta Busturialdean bizi diren gainerakoen laneratzea sustatzen duen ekimen honekin. Aurreko edizioetako martxa onaren ondoren, horrelako laguntzen aldeko apustua egin nahi izan dugu aurten ere”, adierazi du Aritz Abaroa Bermeoko alkateak.

Guztira, 229.400€ inguru bideratuko dira programa hau abian jartzeko. Dirulaguntzaren zenbatekoari dagokionez, gehienez ere 8.000 euroko laguntza emango da lanaldi osoko kontratu mugagabe bakoitzeko eta gehienez 10.000koa DSBEren onuradun, titular edo jasotzaileak, 35 urtetik beherakoak, iraupen luzeko langabeak, edo 55 urtetik gorako pertsonak kontratatzen direnean. Aipatzekoa da ere, zenbateko guztiak %10 gehituko direla emakumeak kontratatzen direnean.

Betekizunei dagokionez, onuradunak legez eratutako pertsona fisiko edo izaera pribatukoak, Busturialdean lantokia eta jarduera ekonomikoa dutenak izan daitezke eta kontratatu beharreko pertsonak eskualdean egon beharko dira erroldatuta. Azken horiek, gainera, langabeak izan behar dira eta Lanbiden lan- eskatzaile gisa alta emanda egon beharko dira. Aipatzekoa da ere, aurreko urteetan ez bezala, kontratazioek enplegu-sorrera garbia ekarri beharko dutela berekin enpresan dagoen batez besteko plantilla osoaren gainean, betiere, diruz lagundutako kontratuaren xede diren pertsonak lanean hasi aurreko 6 hilabeteetan.

Eskaerak otsailaren 28a baino lehen (egun hori barne) aurkeztu beharko dira telematikoki www.bermeo.eus helbidean udal egoitza elektronikoaren bidez (https://www.tramiteakonline.bermeokoudala.eus/ Nire tramiteak / Sarrera erregistroak)

11 / 01 / 2023

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0