Albisteak

Albistea

Bermeo laster hasiko da materia organikoa gaika batzen, 5. edukiontziaren bidez

Martxoaren 20an hitzaldiak eta martxoaren 21etik apirilaren 2ra informazio puntuak ezarriko dira herritarrak 5. Edukiontzia erabiltzera animatzeko

 

 

Bermeon laster hasiko da martxan materia organikoa gaika batzeko zerbitzua eta horretarako 5. edukiontzia erabiliko da. Herritarrei beharrezkoa den informazioa eta materiala emateko eta 5. edukiontzia erabiltzera animatzeko kanpaina bat abiarazi du Bermeoko Udalak. Horren bidez, herritarrei eskutitzak bidaliko zaizkie, martxoaren 20an hitzaldiak eskainiko dira eta martxoaren 21etik apirilaren 2ra informazio puntuak ezarriko dira herriko toki ezberdinetan. 

Horren guztiaren berri eman dute gaur prentsaurrekoan Irune Ormaetxeak, Bermeoko Ingurumen zinegotziak; Aritz Abaroak, Bermeoko zinegotziak; Iñigo Gonzalezek eta Gaizka Aurrekoetxeak, Zerbitzuetako eta Ingurumen teknikariak, hurrenez hurren; eta Ane Etxaniz, Spora Ingurumen Zerbitzuetako ordezkariak. 

Azaldu dutenez, “gure hondakinen %40 inguru konpostatu ahal diren hondakin organikoak dira, eta horiekin kalitatezko ongarria egin ahal da. Konpostajearekin materiaren zikloa itxi egiten dugu eta lurrari elikagaiak bueltan emateko dizkiogu, hondakinak baliabide bihurtuta”. Hortaz, azpimarratu dutenez, gure ingurumena guztion artean zaintzeko oso garrantzitsua da herritarrak 5. edukiontzia erabiltzea. 

Ildo honetan, zehaztu dutenez, bosgarren edukiontzian honako hauek bota ahal izango ditugu: lorategiko hondarrak; fruta-azalak, fruta-hezurrak eta fruitu-lehorren azalak; pasta eta arroz hondakinak; barazki, ortuari eta lekale hondarrak; kafe eta infusio hondarrak, kortxozko tapoiak eta musuzapiak; ogi, galleta eta opil hondarrak, irina eta ogi birrindu hondarrak. Edukiontzi berrian landare jatorriko hondakin organikoak soilik bota daitezke, beste guztia bakoitza bere edukiontzian bota beharko dugu. 

Herritarrei materia organikoa gaika batzeko zerbitzuari buruzko azalpen guztiak emateko hainbat bide erabiliko dira. Batetik, bandoa eta kartelak jarriko dira kalean eta eskutitzak bidaliko dira etxe guztietara; bestetik, hitzaldiak eskainiko dira, eta azkenik, informazio puntuak jarriko dira hiriguneko leku estrategikoetan eta horietan materia organikoa biltzeko materiala eta esku-orria banatuko zaie herritarrei. 

Hitzaldiak martxoaren 20an, eguaztenean, izango dira Nestor Basterretxea aretoan 16:00etan, 17:00etan, 18:00etan eta 19:00etan. Bertan, materia organikoa gaika batzeko zerbitzuari buruzko azalpen guztiak emango dira, beharrezkoa den materiala aurkeztuko da eta herritarren zalantzak argituko dira. 

Horrez gain, martxoaren 21etik apirilaren 2ra informazio puntuak ezarriko dira. Horietan ingurumen hezitzaile talde batek etxean hondakin organikoen bereizketa nola egin azaldu eta parte hartzeko prest dauden guztiei bere datuak hartu eta beharrezko materialak emango dizkie: ontzi aireztatua, poltsa konpostagarriak eta esku-orria. Geroxeago, sistema erabat ezarrita dagoenean, edukiontzia irekitzeko txartela ere banatuko zaie. 

Informazio-puntuen ordutegia eta kokapenak honakoak dira:

   

 

10:30-14:00

16:00-19:30

2019/03/21

Santamañe kalea

Taraska

2019/03/22

Anbulatorioa

Kiroldegia

2019/03/25

Gonzalo Nardiz enparantza

Musika eskola/Kultura etxea

2019/03/26

Azokatxoa, Goiko plaza

Artike bidea 1 (plazatxoa)

2019/03/27

Erribera

Erreten

2019/03/28

Udal azoka

Udal azoka

2019/03/29

Lamera

Lamera

2019/04/01

San Martin

San Martin

2019/04/02

Azokatxoa, Goiko plaza

Atalde kalea (Herriko eskola parean)

  

Etxebizitzaz gain, materia organikoa gaika batuko da jatetxeetan, fruta denda eta supermerkatuetan, sukaldea duten ikastetxeetan, zaharren egoitzetan eta Bermeoko osasun mentaleko zentroan. 

Irune Ormaetxeak eta Aritz Abaroak adierazi dutenez, “gure ingurumena zaintzeko materia organikoa gaika batzea pauso garrantzitsu bat da; izan ere, hondakinak baliabide bihurtzen ditugu”. Horregatik, herritar guztiak 5. Edukiontzia erabiltzera animatu dituzte. “Zaindu dezagun guztion artean gure herria!”, azpimarratu dute. Bosgarren edukiontzia martxan jartzea  Udal Gobernuak (EH Bildu) eta EAJ-PNV udal taldeak ordenantza fiskalak onartzerakoan adostutako akordio bat da. 

 

.

 

13 / 03 / 2019

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0