Albisteak

Albistea

Bermeoko Udalak onartu egin du Busturialdeko Ur Partzuergoa Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoan integratzea

-Erabaki hau EAJ-ren aldeko botoekin eta EH Bilduren eta GUZAN-en kontrakoekin atera da aurrera

Bermeon, 2021eko irailaren 24an.-Gaur goizeko Osoko Bilkuran Bermeoko Udalakonartu egin du Busturialdeko Ur Partzuergoa Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoan integratzeko proposamena. “Etorkizunak erronka berriak planteatzen ditu eta, 1991an bezala, ezinbesteko gertatzen da ahalik eta biztanleria zabalena organismo indartsu batean bateratzea. Arrazoi asko eta sendoak daude Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoan integratzeko. Besteak beste, bizkaitar guztiok kalitatezko ur bera eta prezio lehiakor berean kontsumitzeko aukera izatea, tarifetan gorakadarik ez izatea edota demandari erantzuteko gure ibaiak ez hustea”, adierazi du Bermeoko alkate Aritz Abaroak. “Hau zen aukerarik hoberena”, baieztatu du. Erabaki honek EH Bilduren eta GUZAN-en kontrako botoak izan ditu.

Bermeoko alkate Aritz Abaroak honako argumentuak zerrendatu ditu: “arrazoi asko daude aldaketa hau aurrera eramateko. Gure ustez, behar beharrezkoa zen. Zergatik? 7 argudio nagusi hauengatik, besteak beste:

1)       Urdaibaiko saneamendu integraleko plana martxan jartzean aldaketak etorri dira.2021eko uztailaren 1ean jarri zen martxan Gernika-Busturiako saneamendu-kolektorea. Zalantzarik gabe, horrek onura handiak ekarriko ditu itsasadar osoan ingurumenaren aldetik, baina, aldi berean, areagotu egingo dira kudeaketaren konplexutasuna eta kudeaketa eta ustiapen gastuak. Urdaibaiko saneamendu plan integrala abian jartze hutsagatik, tarifak %20-%25 igo beharko lirateke 2022an. Besteak beste, mantentze lanek, pertsonal gehiago kontratatzeak edota lohien kudeaketak ekarriko lukete tarifen igoera hau.

2)       Gure eskualdean ez dugu nahikoa baliabide hidrikorik.Urdaibaiko hornidurarako Lurralde Ekintza Planean egiaztatzen denez, gure eskualdea defizitarioa da baliabide hidrikoak urriak diren garaian eta, hori konpentsatzeko, ezin ditugu gure ibaiak hustu. Indarrean dagoen araudia zorrotza da eta ezin dugu hori inolaz ere egin. Horren adibide izan da uda honetan erakunde zein herritar guztiok bizi izan ditugun ura erabiltzeko mugak (kaleak ezin urez garbitu, igerilekuak ezin urez bete, guneak ezin ureztatu…)Busturialdeko Ur Partzuergoa URAren emakida-ebazpenetan ezarritako emari ekologikoak zehatz-mehatz errespetatzera mugatuko balitz, urtean zenbait hilabetez eskualdea hornidurarik gabe geratuko litzateke eguneko ia ordu guztietan.

3)       Busturialdeko Ur Partzuergoak ez du baliabide ekonomiko nahikorik dagoen azpiegitura mantentzeko. Busturialdeko Ur Partzuergoaren inbentario eguneratuaren datuen arabera, bere aktiboaren balioa 220 milioi eurotik gorakoa da (600 km-tik gorako hornidura-sarea eta 280 km-tik gorako saneamendua, hondakin-uren 6 araztegi…). Horrelako azpiegiturei 50 urteko balio-bizitza aurreikusiz gero, berehala ondorioztatzen da Busturialdeko Ur Partzuergoak 4,5 milioi euro inguru inbertitu beharko lituzkeela urtero, soilik egungo azpiegiturak berritzeko eta mantentzeko.Gaur egun, gure ahalmen ekonomikoaren arabera, urtean 2-3 km sare baino ezin dugu berritu, eta urtean 30-40 km berritu beharko genituzke. Bermeoren kasua gainera aipagarria da, bereziki alde zaharreko sareak urte asko dituelako eta kresalak sarearen egoeran zuzeneko eragina daukalako.

Horretaz gain, hainbat inbertsio berri egin behar dira oraindik eskualdean. Bermeon, bereziki, kontserba lantegiek sortzen dituzten ur-hondakinen gaia landu behar da sektorearekin elkarlanean. Gure betiko enpresa hauek baliabideak behar dituzte isurketen araudietara egokitu ahal izateko eta berton lanean jarraitu ahal izateko. Gaur gaurkoz, ordea, BUPak ez dauka adibidez gaitasun tekniko ezta ekonomikorik hori gauzatzeko eta ondorioz, enpresa hauen etorkizuna kolokan egon daiteke.

4)       URAren kanon berria indarrean sartuko da.Horren ondorioz, gure erakundeak 400.000 €/ urteko kanona ordaindu beharko lioke URAri, gutxi gorabehera, orain arte ordaintzen ez zuena. Gure biztanle bakoitzeko hornikuntza-sarearen km-ratio berezi eta handiak kanon horren eraginpean jartzen gaitu bereziki, diseinatu den bezala (gure eskualdea sakabanatuta eta gutxi populatuta baitago).Betebehar berri horri aurre egin ahal izateko, gure egungo tarifak %15 igo beharko lirateke.

5)       Integratze-akordio ona lortu da. Herritarrak ez du ia inolako aldaketarik nabarituko. Integrazio honi esker, besteak beste, bezeroari arreta emateko bulegoek orain arteko tokian jarraituko dute; Busturialdeko Ur Partzuergoko langile guztiak subrogatu egingo dira; Bilbo Bizkaia Partzuergoak orain arte Busturialdeko Ur Partzuergoak ematen zituen zerbitzu guztiak emango ditu; Hornikuntza- eta saneamendu-zerbitzuagatiko tasak, 2022an, ez dira % 5etik gora igoko Busturialdeko herritarrentzat, gaur egungoekin alderatuta. Hori da, hain zuzen ere, BUPek egungo egoerarekin jarraitzeko igoko genukeena, azken 5 urteetan jarraian egin dugun bezala; Hiritarrei telefonoz ematen zaien arreta hobetuko da, BBUPekcall-center bat duelako egunean 24 ordutan. BUPek egunean 5 orduz baino ez du telefono bidezko zerbitzu hori ematen.

6)       Zerbitzu homogeneoak ematen dituzten erakundeen arteko sinergiak sortuko dira.Gaur egun dugun dimentsioarekin,ezinezkoa da esparru guztietan espezializatutako baliabide eta langileez hornitzea, eta, horren ondorioz, ez gara gai, batzuetan, arau berriek dakartzaten betebehar asko eta asko betetzeko. Gure ustez, logikoagoa da lurralde historiko berean zerbitzu bera ematen duten antzeko bi administrazioen esperientzia, langile kualifikatuak eta baliabideak partekatzea.

7)       Gure eskualdeko jarduera ekonomikoei uraren faktura murriztuko zaie, neurri handi batean, integrazioaren osteko lehen egunetik. Urdaibai osoan, ur kontsumoa oso zigortuta dago industria guztietan, ostalaritzan, nekazal turismoan, hoteletan eta antzeko jardueretan, Bizkaiko gainerako eskualdeekin alderatuta.Faktore honek enpresa berriak ezartzeko orduan zenbaterainoko eragina izan dezakeen ebaluatzea zaila bada ere, Bizkaiko gainerako eskualdeetan dauden ur-tasak baino % 50 handiagoak izateak (75 m³/hiruhileko) ez dirudi eskualdean jarduera ekonomikoak sustatzeko pizgarririk onena denik”

Eta gehitu du: “Busturialdeko Ur Partzuergoa 1991ean sortu zen 90. hamarkadak ekarri zituen azpiegitura berrietarako zerbitzu oso eta teknifikatua emateko helburuarekin. Etorkizunak, alabaina, erronka berriak planteatzen ditu eta, 1991n bezala, ezinbesteko gertatzen da ahalik eta biztanleria zabalena organismo indartsu batean bateratzea, gastuak denon artean banatu ahal izateko eta uraren hornidura eta saneamendua bezalako funtsezko zerbitzua Bizkaia osoko herri guztietan kalitate berekoa izan dadin”.

“Alderdi ekonomikotik eta lurralde alderditik gure tamaina duen erakundea ez da gai administratiboki eta etorkizunera begira planteatzen zaizkigun erronka derrigor eta konplikatuei erantzuteko. 1991ean Busturialdeko udalerriak, orduko erronkei aurre egitera begira, Busturialdeko Ur Partzuergoa eratzera eraman zituen hausnarketa berberak ulertarazi behar digu orain etorkizunerako irtenbiderik onena dela Bilbao Bizkaia UrPartzuergoan integratzea.Gaur egungo hornikuntza eta saneamendu tasak hirukoiztuko bagenitu ere, ez ginateke sekula ere iritsiko Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak gaur egun daukan profesionalen sarea, baliabideak eta eskarmentua izatera. Ura oinarrizko beharrizana da eta ezin ditugu herritarrak eztabaida ideologikoetan nahastu: gainontzeko bizkaitarrek daukaten zerbitzu eta hornidura nahi ditugu gure herrietan ere” bukatu du Abaroak.

24 / 09 / 2021

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0