Albistea
-Salicako enpresa-batzordea: “2023an bezala, Salicako langileak dira berriz ere enpresarako plan estrategikorik ez izatearen ondorioak ordaintzen dituztenak”.
Salica kontserba enpresaren egungo egoerak sortutako kezkaren erdian, Bermeoko Udalak babes osoa adierazi die Salicako langileei, eta euren borrokarekin bat egiten du. Hala, prentsaurreko bateratua egin dute gaur. Bertan egon dira, hain zuzen ere, Bermeoko alkate Nadia Nemeh Shomaly, Xabier Ortuzar Butron alkateordea eta Salica kontserba enpresako enpresa-batzordea osatzen duten LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuetako ordezkariak.
Bermeoko alkate Nadia Nemeh Shomalyk langileen eta enpresako zuzendaritzaren arteko zubi lanak egin, eta bi aldeekin izandako bileren berri eman du. “Oso kezkatuta” dago Salican ezarritako Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espedienteak (ABEEE) eragiten dien herriko familiengatik. “Egoera horrek familietan duen eragina ulertzen dugu, bereziki, familia bereko kide anitzek enpresa berean lan egiten dutenean. Gainera, kezkatzekoa da ez dakigulako prozesua denboran zenbat luzatuko den, gaur egun judizializatuta baitago”, adierazi du.
Bi aldeekin bildu ostean, alkateak langileen eta enpresako zuzendaritzaren “jarrera eta errespetua” azpimarratu ditu. “Bi aldeen jarrerak ulertzen ditut, eta garrantzitsua da guztien mesederako izango diren konponbideak bilatzea”. Alkateak Salicak aurrera ateratzeko duen plana ezagutu ahal izan du, dioenez, arretaz entzun zuen, eta “lehenbailehen fruituak ematea espero du”.
Salicako langileei gogorarazi gura izan die bere esku dagoen guztian laguntzeko prest dagoela: “Nire bulegoko ateak irekita daude, eta inplikatutako guztiei mesede egingo dieten konponbideak aurkitzeko elkarlanean aritzeko konpromisoa hartzen dut". Espero du egoera hau, “lehenbailehen” konpontzea eta amaitzea.
Salicako enpresa-batzordearen testua:
Joan den azaroan, jakinarazi zion Salica enpresako gerentziak enpresa-batzordeari aldi baterako enplegu erregulazioko beste espediente bat, edo gehiago ezagutzen den moduan, ERTE bat, hasteko asmoa zuela, bigarrena jarraian. 2023an bezala, Salicako langileak dira berriz ere enpresarako plan estrategikorik ez izatearen ondorioak ordaintzen dituztenak.
Berriro ere erabiltzen da ERTE tresna enpresak malgutasun handiagoa izateko langileen lan jardunaldien gainean. Iaz, lehen aldiz, egoera horretan ikusi ginenean, enpresak esan zigun koiunturala zen arazo bati erantzuna emateko neurria zela. Urte honetan zehar ikusi duguna da, ERTEa bera, langileen jardunaldiak enpresaren beharrizanen esanetara egoteko tresna izan dela, era honetan enpresaren antolakuntza eta aurreikuspen faltak kudeatuz; hau da, malgutasuna nahieran. Bigarren aldi baterako lan-erregulazioaren jakinarazpenak, gainera, argi utzi zigun ez zela egoera koiuntural bat, eta gure jardunaldien gaineko malgutasuna egiturazko beharrizana izan daitekeela enpresarentzako.
Historikoki, gure sektoreko enpresek baino kontratazio eta baldintza egonkorragoak izan ditugu. Salican, beste enpresa batzuetan ez bezala, ez da aldizkako finkoak kontratatzeko modalitatea erabiltzen, lantaldeko 170 pertsonetatik gehienak lanaldi osoko finkoak dira. Hori horrela da, batez ere, gure enpresako langileak eta enpresa-batzordea beti egon garelako prest gure eskubideak eta urte hauetan lortutako hobekuntzak defendatzeko. Barne antolaketa sindikala funtsezko faktorea izan da eskubide horiek lortzeko eta sendotzeko. Eta orain, ziurgabetasun egoera honen aurrean, ez da desberdina izango.
ERTEak iraun dituen ia 14 hilabete hauetan langileengan sortzen ari den eragin ekonomiko eta soziala oso kezkagarria izaten hasi da. Egoera horrek eragiten duen ziurgabetasuna, emakume langileak jasaten ari diren diru-sarreren murrizketarekin batera, jasanezinak dira, baita gizarte-segurantzaren prestazioaren beraren jaitsiera ere. Gainera, ez bakarrik Salicako langileak, kontserbetako sektoreko langile guztiek ere ikusten dituzte haien lan- eta bizi-baldintzak enpresen diru-goseen mesedetan lausotuak, Salica beti izan baita erreferente Bizkaiko kontserbetako sektorearentzat.
Kontserbetako sektoreak Busturialdeako eskualdean eta, batez ere, Bermeon duen garrantzia ezaguna da, eta Salica erreferentea izan da eta da sektoreko langileentzako lan-baldintzen arloan. Gure borroka erreferentzialtasun hori mantentzeko eta hobetzeko da. Ezin dugu ahaztu sektore honetan emakumeak garela nagusi. Honek esan nahi du, berriz ere, kolektibo honen eskubideak prekarizatu egin nahi direla, urte asko baitaramatzagu borrokan genero arrakalarekin amaitzeko. Beraz, ez dugu amore emango gure enpresaren aurrean, bere pribilegioak galtzeko ez dagoela prest erakusten ari baita.
Salicako langileok ez dugu onartuko enpresa-kudeaketa txar batengatik gure eskubideetan atzera pausurik. Hauek mantentzeko borrokan gaurko eta atzoko langileen ahalegina eta, batez ere, gure lanetik bizitzeko aukera emango digun lanpostu finko eta ordenatua babesten jarraituko dugu. Horregatik, gure asmoa ere bada bizi dugun egoera pairatzen laguntzeko prest dauden instituzioei ere parte hartzera zabaltzea. Hau ez da soilik Salicako, Bermeoko edo eskualdeko langileen borroka, gizarte osoaren borroka baizik.
Esandako guztiagatik, gaur publikoki adierazi nahi dugu berriz ere, gure gaitzespen osoa enpresak inposatutako aldi baterako lan-erregulazioari. Enpresak bere plan estrategiko integrala eta ez-partziala aurkeztea eskatzen dugu. Langile bezala urteetan zehar lortutako eskubide guztiak bermatzea eskatzen dugu, bizi baldintza duinak izateko, gure enpresan lan egonkorra mantenduz.
Prentsaurrekoaren ostean, Gizarte eta Kultura Etxetik hasi eta Taraskarainoko manifestazioa egingo dute. Taraska ERTEaren aurkako aldarriekin jantziko dute.
010 (94 617 91 00)