Bermeoko uri txit noble eta leialaren armarria erabilteko arauak ipinten dauzan udal ordenantzea
Udalerri baten armarria, haren historiaren oinarrizko kontakizunei aplikautako irudikapen alegorikoa izaten da. Sinbologia egokia erabiliz eta heraldikearen arauak betez, herriaren historian jazotako gertakizunik garrantzitsuenak islatzen dira bertan.
Guzti hau kontuan izanda berregin da Bermeoko Uriaren armarria, haren osatze eta antolatze heraldikoa onartzen dauan bagilaren 6ko 1373/1968 Dekretuaren sarreran bertan esaten dan moduan.
Otsoek, bizardun buruak, baleontziak bale eta guzti, testuak, etab., Bermeoko historiaren gertakizunak eta zertzeladak agertzen dauz era enblematikoan: herribildu modura eratu izana, Bizkaiko Buru izatea, arrantzeari lotuta egon izana beti, eta, gure lurralde historikoko herri guztien artean lehentasuna izan ebala.
Orokorra eta usadiozkoa da, herri administrazinoetan armarria erabiltea administrazino horren agirietan, herria identifikatzeko, eta, bai euren artean, zein administrazino barruan nahiz herritarrakaz ezaugarri bat erabilteko.
Honelako sinboloek errespetu guztia merezi dabe, eta, era zuzenean erabiltea. Horregaitik, eskumen honen barruan erabilpena erregularizatu beharra dago.
Gure herriaren armarriari jagokonez, 1968. urtean legalki onartu zan une beretik, erabilerea gero eta handiagoa izan da, bai udal administrazino barruan eta bai beste edozein agerpen sozial zein herrikoan. Enpresa pribatuak be badagoz euren publizidadean erabilten dabena, baita, erakunde, talde eta partikularrek be erabilten dabe gure ikur heraldikoa euren gauzetan eta zabalkunderako eta propagandarako materialetan. Guzti hori, pozgarria izan leiteke, baina, denboreagaz, gure armarriaren benetako diseinua eta osaketea aldatzen joan da, eta, horreek oinarrizkoak eta funtsezkoak dira heraldika zientzia barruan. Hortik abiatuta, gaur egun, herrian (udal administrazinoan bertan be bai), Bermeoko Armarriaren hainbat eredu ezbardin aurkitu geinkez hor eta hemen, asmorik onenagaz eginak diran arren.
Bermeoko Udalak, armarria normaldu eta erregularizatu beharra ikusi dau, beti be, armarri hori deskribatu eta antolatzen eban Dekretuak ezarritakoa kontuan izanda. Horretarako, Antolakuntza, Informatika eta Kalidade Saileko teknikariek, behar izan daben kanpoko aholkularitzeagaz, armarriaren definizino ofiziala, adierazpen grafiko bakarrean egokitu dabe. Ahalik eta zehatzen jarri dira margoak eta esmalteak, lan hau enpresa espezializatu bati adjudikatuz.
Lan honek ez deusku erakusten, ez, aldaketa handirik ez erraz ikusten danik, ez horixe, ñabardura eta zehaztasun batzuk baino ez diralako ikutu, horrela, begiratzen badeutsagu, ez dogu ia ezer be susmatuko.
Holan ba, 1968ko Dekretuan dagoan deskripzino ofizialagaz eta normalizatzeko egin dan lan zehatz honegaz, orain, guztiz itxuratuta geratu da, benetako erabilera bateratua eta zuzena izango dauala bermatzeko.
Guzti horregaitik, Bermeoko Udalaren osoko bilkureak, Ordenantza hau onartzea erabagi dau:
1. Artikulua
Bermeoko Uriaren armarriaren berezitasuna eta erabilerea arautzen dau ordenantza honek.
2. Artikulua
Armarria, Udal-Oihalagaz batera, uriaren ezaugarriak dira, eta zor jaken errespetua gorde behar jake.
3. Artikulua
Bermeoko Armarriaren osaketea, bagilaren 6ko 1373/1968 Gobernazinoko Ministerioaren dekretuak (bagilaren 24ko EAO) zehaztutakoa da, eta, 1981eko urriaren 2ko Tokiko Administrazinoko Zuzendaritza Nagusiaren erabagiak dinoana kontuan izanda, berezitasun honeek daukaz:
“Escudo de oro, ballenera de sable a la diestra, con cuatro remeros bogándola, y a su proa un arponero erguido, en actitud de lanzar el arpón a una ballena, de sable, también a la diestra, puestos sobre ondas de azul y plata. En jefe, dos lobos de sable pasantes, a la diestra y en faja, superados de la cabeza barbada. Bordura de gules, cargada de la leyenda “Stemma Proderi in Primis Bermei”, en letras de sable.”
Armarriaren margoak edo esmalteak, Pantone sisteman zehaztuta, honako honeek dira:
4. artikulua
Armarriaren erreprodukzino guztiak, bai margoetan zein zuri-baltzean egiten diranek, eredu ofizialaren diseinuaren ezaugarri guztiak bete behar dabez, osoko bilkuran onartuta dagozan ezkero.
5. Artikulua
Jagokon udaleko sailak izan beharko dau udal armarriaren kontrola, baita, ordenantza hau zuzenki apliketan dala zaintzea be bai.
6. Artikulua
Aldi berean, Bermeoko Bake Epaitegiak, uriko armarria erabiliko dau, bere inprimaki eta agiri guztietan, legalki beste ezeren bat erabili beharrik ez daukanean.
7. Artikulua
Aurreko artikuluaren 1. zenbakian azaldutako gauza guztiak sustatu, erabili edo egin behar dabezan udal sailek, armarriaren eredu ofizial informatizatuaren kopia bat eskatu behar dabe lehenago Antolakuntza, Informatika eta Kalidade Sailean, erreproduzidu ahal izateko.
8. Artikulua
1.- Alderdi politikoek, sindikatuek, alkarteek, taldeek edo beste edozein erakunde pribatuk ezin izango dabe sinbolo edo sigla nagusi modura erabili.
Edozein motatako produktu edo salgaietako ikur modura armarria erabili ahal izateko, Alkatetzeak aurretiaz baimena emon beharko dau.
2.- Aurreko zenbakian dinoana kontuan hartuta, ez da aplikauko udalean alderdi politikoek normalean erabilten daben dokumentazino eta materialarentzat.
Argitaratuta BAO. 38 ZK. 2003ko otsailaren 25ean
010 (94 617 91 00)